EUSKADI.-Futbola.- Bederatzi hautagai ofizial daude 2018ko eta 2022ko Munduko Txapelketak antolatzeko

Actualizado: martes, 17 marzo 2009 14:04

ZURICH, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Futboleko Nazioarteko Federazioak (FIFA) gaur jakinarazi ditu 2018. eta 2022. urteetako Munduko Txapelketak antolatzeko asmoa ofizialki agertu duten hautagaien izenak, eta guztira bederatzi izango dira.

Horrela, lau herrialdek bi hautagaitza bateratu aurkeztu dituzte: Belgika-Holanda eta Espainia-Portugal. Bi hautagaitza horiekin lehiatuko dira Amerikako Estatu Batuak (AEB), Australia, Errusia, Indonesia, Ingalaterra, Japonia eta Mexiko. Bestalde, Koreako Errepublikako eta Qatarreko elkarteek 2022ko Munduko Txapelketa bakarrik antolatzeko hautagaitza aurkeztu dute.

Joseph Blatter FIFAko presidentea pozik agertu da herrialdeek Munduko Txapelketaren egoitza izateko agertu duten "aparteko interesagatik". "Hautagaien aniztasunak eta kalitateak oso interesgarri bihurtuko dute aukeraketa prozesua", azpimarratu du.

Prozesuaren hurrengo urratsa apirilean izango da, FIFAk hautagaitzaren akordioa bidaltzen dienean elkarte guztiei. Hautagaitzaren akordioak zehaztuko du dokumentazioan bildu beharreko edukia, akordioak eta informazioa. Elkarteek 2009ko abenduaren 11a baino lehenago bidali beharko dute hautagaitzaren akordioa sinaturik FIFAra.