EUSKADI.-Gaueko lokal bateko atezaina atxilotu dute Bilbon bezero bati eraso egin eta dirua lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 21 julio 2009 13:58

BILBO, 21 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek Bilboko gaueko lokal bateko atezaina atxilotu dute gaur goizaldean Bizkaiko hiriburuan bertan, bezero bat jo eta arma zuri batekin mehatxatu izana egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldean, 4:30etan, pertsona batek Bilbo erdialdeko gaueko lokal baten kanpoaldean eraso bat jasan duela jakinarazi dio Ertzaintzari. Biktimaren esanetan, establezimenduko atezainak bi ukabilkada eman dizkio aurpegian eta labana bat lepoan jarrita mehatxatu du. Halaber, erasoan dirua erori zaiola eta atezaina diru horretaz jabetu dela azaldu du.

Bertaratutako patruila batek baieztatu duenez, biktimak kolpe bat zuen beheko ezpainean. Ertzainek ustezko erasotzaileari egindako gorputz miaketan, bezeroa beldurrarazteko erabili omen duen labana eta, ustez, modu bidegabean eskuratu duen dirua atzeman dizkiote. Jarraian, agenteek atezaina atxilotu dute, lesio delitu bat eta ebasketa falta bat egin izana egotzita.