EUSKADI.-Gaur sartuko dira indarrean EuskoTrenen tren, tranbia eta funikularretako 2010eko tarifa berriak

Actualizado: viernes, 1 enero 2010 12:56

BILBO, 1 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gaur sartuko dira indarrean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen EuskoTren sozietate publikoaren tren, tranbia eta funikular zerbitzuen 2010. urteko tarifa berriak, konpainiako iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Tarifa horiek, Euskadiko Prezioen Batzordeak emandako baimenaren ondoren aplikatuko dira. Erakunde hori da "baimendutako prezioen" alorrean indarrean dagoen legediaren arabera gai horretaz arduratzen dena. Horrez gain, tarifak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

Horrela, trenean (EuskoTren), tarifek 2010erako izango duten aldaketak %0,99ko hazkundea erakusten du 2009koekin alderatuz. EuskoTrenek eskaintzen dituen tren zerbitzuak honako hauek dira: Bilbo/Deustua - Lezama (Aldiriak); Bilbo - Donostia (Aldiriak); Bilbo - Bermeo (Aldiriak); Lasarte Oria - Hendaia (Aldiriak); Ermua - Eibar "Tranbia" (Aldiriak); Bilbo - Hendaia (lurralde mailako).

Tranbian (EuskoTran), tarifek 2010erako izango duten aldaketak %0,98ko hazkundea erakusten dute 2009koekin alderatuz. EuskoTranek eskaintzen dituen tranbia zerbitzuak honako hauek dira: Bilbo (Atxuri - Basurtu) eta Gasteiz (Angulema - Ibaiondo eta Angulema - Abetxuko).

Funikularrei (EuskoTren) dagokienez, Larreinetako funikularraren tarifek %0,74ko hazkundea izango dute aurreko ekitaldiarekin alderatuz. Zerbitzu hori Trapagaranen (Bizkaia) dauden Larreineta eta Escontrilla geltokien artean eskaintzen da.

2010erako proposatu den tarifen igoerak 2002tik aplikatzen den tarifa eredua hartzen du erreferentzia gisa, Garraio Iraunkorraren Politiken barruan Europako Administrazioak ematen dituen gomendioetan oinarriturik egindako Garraioaren Plan Zuzendarian ezartzen diren arteztarauei jarraituz.

Tarifa eredu hori mesedegarriagoa da, beren egoera ekonomikoa dela eta garraio partikularrik ez duten bezeroentzat edo, baliabideak izanik ere, aurrezpenaren eta ingurumenaren alde duten konpromisoa dela eta, garraio ekologikoagoa, merkeagoa, trinkoagoa eta, energiaren ikuspegitik arrazionalagoa den garraioa erabiltzea erabaki duten bezeroentzat.

Beste urte batez, EuskoTrenek maiztasuna erakusten duten tituluen prezioari eustea edo murriztea proposatu dio Euskadiko Prezioen Batzordeari, "Joaneko" eta "Joan etorriko" tituluen prezioa ahalik eta gutxien igoz. Horrekin bi helburu lortuko dira, "Joaneko" eta "Joan etorriko" tituluak benetako kostura ahalik eta gehien hurbiltzea eta orain arte titulu horiek jasotzen zuten diru-laguntzaren zati bat maiztasun edota behar gehiago erakusten duten Tituluetara bideratzea ("Bono Gaztea" eta "Urtekoa").

INBERTSIO AURREKONTUA

EuskoTrenek proposaturiko tarifak aztertzeko orduan Euskadiko Prezioen Batzordeko kideek kontuan izan dituzten datu ekonomikoen artean, enpresak 2010erako aurreikusten duen inbertsio aurrekontu orokorrari buruzko datuak daude, 29 milioi euro guztira.

Trenarekin eta tranbiarekin erlazionatuz aurreikusten diren garrantzi handieneko jardueren artean, bidaiarien 30 tren berri egingo dira, eta horien jasotze fisikoa hainbat urtetan egingo da, 2011tik aurrera.

Halaber, tituluak saltzeko eta balioztatzeko makina berriak eskuratuko dira, jada zaharkiturik geratzen hasi diren egungo zenbait makina ordezkatzeko. Gainera, trena eta Bilboko tranbia ordaintzeko sistema ukipenik gabeko txartelen teknologia berrira egokituko da (jada era berritzailean erabiltzen da Gasteizko Tranbian), eta Lebarion egongo diren trenaren tailer berriak eraikitzeko lanekin jarraituko da.

Informazio gehiago lor daiteke geltokietan eta geralekuetan, Bezeroen Arretarako Bilboko (Bilbo/Atxuri geltokian), Donostiako (Donostia/Amara geltokian) eta Gasteizko (Araba Jenerala, 2) Bulegoetan, eta 902 54 32 10 telefono zenbakian.