EUSKADI.-Gernika-Lumoko Udalak (Bizkaia) CDak, tonerrak eta sakeleko telefonoak birziklatzeko sei edukiontzi jarri ditu

Actualizado: martes, 2 marzo 2010 12:48

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gernika-Lumoko Udaleko (Bizkaia) Ingurumen Sailak CDak, tonerrak eta sakeleko telefonoak birziklatzeko sei edukiontzi jarri ditu herrian. Hain zuzen, udaletxean, Kultur Etxean, Turismo Bulegoan,

Musika Eskolan, Behargintzan eta Kzgunean jarri ditu edukiontzi berriak.

Orain arte oso tarteka eta modu informalean biltzen ziren objektuok, baina oraindik aurrera, enpresa batek bere gain hartuko du ardura hori, herritarren "ezinbesteko parte-hartzearekin batera". "Beste pausutxo bat da hondakin guztiak birziklatu ahal izateko helburuaren bidean. Orain artekoez aparte, etxeko olioa, konpostatze kanpaina eta abar, oraingo zerbitzuarekin ziurtatu digute aparailu hauek, bildu bakarrik ez, berrerabili ere egingo direla", adierazi du Ingurumen zinegotzi Aloña Arronategik.

Aste honetan bertan ipiniko dituzte Ecobox edukiontziak. Ingurumen Sailari ez diote bilketa zerbitzuagatik kobratuko, enpresak birziklatzetik ateratzen duelako etekina. Beraz, herritarrei ez zaie ezer kostatuko, aparailuak etxetik edukiontzietara eramatea baino ez. Orain, herritarrarena izango da lehen pausua telefono zaharrak, CD arrakalatuak edo tinta bako tonerrak birziklatzeko.

Edukiontziak herritarrengandik ahal den hurbilen eta leku itxietan egoteko moduan kokatzea izan da Ingurumen Sailaren asmoa, edukiontzietan bilduko diren aparailuak oso kutsagarriak direlako eta arriskutsua delako kalean uztea.