EUSKADI.-Getxoko (Bizkaia) San Lorentzoko Azokak 79 ekoizle bilduko ditu datorren astelehenean

Actualizado: viernes, 7 agosto 2009 18:47

BILBO, 7 Ago. (EUROPA PRESS) -

Urtero bezala San Lorentzoko Azoka antolatu dute Getxoko (Bizkaia) Kultur Etxeak eta BBK-k. Elkarrengandik gertu dauden hiru kokapen izango ditu azokak datorren astelehenean: San Nikolas, Biotz-Alai Abesbatza eta Getxo Antzokia plazak. Aurten 79 ekoizle banatuko dira 100 postutan, 10:00etan hasi eta gutxi gorabehera 14:30etan itxiko den azokan. Gauez, 22:00ak aldera, Getxoko Biotz Alai abesbatzak jaialdia itxiko du urtero talde honen izena duen plazan eskaini ohi duen kontzertuaren bitartez.

Antolatzaileek adierazi dutenez, merkatuko bisitariek goiz osoan zehar euskal baserriko produktu tipiko ugari erosi ahal izango dituzte, besteak beste, barazkiak, frutak, gaztak, pateak eta ahatearen deribatuak, ogia, pastelak, eztia, sagardoa edo txakolina, bai eta apaindurako landareak ere, urdaitegiko produktuak eta abar luze bat.

Trikitilari eta gaitari taldeak egongo dira jai giroa animatzeko, eta bertaratzen direnek taloa txorizoarekin, sagardoa edo bestelako produktu batzuk dastatu ahal izango dituzte plaza bakoitzean dauden hiru txosnetan.

San Lorentzoko Azokan, goiz erdian, ekoizle askok nahitaezko hitzordua izango dute, Idiazabal jatorrizko deitura, barazki eta landareen lehiaketa tradizionalarekin. Merkatu honetako produktuen kalitate eta dibertsitatea pizgarri nagusiak dira bisitarientzat, eta horiei esker, Getxoko San Lorentzo Bizkaiko azoka garrantzitsuenetako bat da. Iaz, merkatu honek 19.000 lagun baino gehiago erakarri zituen.

Eguna bukatzeko, 22:00etan, Biotz Alai abesbatzak kontzertua eskainiko du abesbatzaren izena daraman plazan bertan. Ekitaldirako sarrera doan izango da.