EUSKADI.-Getxoko (Bizkaia) Villamonte eta Aiboa auzoetan igogailuak jartzeko lanak astelehenean hasiko dira

Actualizado: viernes, 19 junio 2009 18:57

BILBO, 19 Jun. (EUROPA PRESS) -

Astelehenean hasiko dira Algortako (Getxo, Bizkaia) Villamonte eta Aiboa auzoetan igogailuak ipintzeko lanak, eta mugikortasun urria duen jendeari errazago iristea ahalbidetuko diete, Getxoko Udaletik gaur jakinarazi dutenez.

Villamonten jarriko dituzten bi igogailuei dagokienez, esparru ingurutik Geltokiko Plazara eta Bilboko metrora iristea erraztuko dute, gaur egun bi eremuak bi eskailera-atalen bidez lotuta daude eta. Bi igogailuek hamar metro inguruko garaiera gaindituko dute.

Astelehenetik aurrera, Villamonten dagoen lehenengo eskailera-tartea botako da gune hori aldatzeko. Tarte hau Villamonteko Plazatik Telletxeren azpitik igarotzen den lurpekoa dagoen bitarteko plataformaraino doa; horren ordez, eta bi maila hauen arteko oinezkoen pasabidearen aukera gisa, behin-behineko mekano-hodia ipiniko dute aipatutako eskailerak bukatuta dauden arte.

Aldi berean, materialak pilatzeko eta obrako etxolak eta makinak ezartzeko guneak mugatuko dituzte plazan bertan zein metroko trenbideen gaineko aparkalekuko eremuan, etorkizuneko igogailuaren irteerako gunean.

Deskribatutako eremu guztiak datorren astean hesitzen hasiko dira. Lanek bost hilabete iraungo dute eta 715.000 euro inguruko aurrekontua dute, Tokiko Inbertsioko Estatuko Funtsaren kontura.

AIBOA

Bestalde, Aiboan Txakursolo kalea Metro Bilbaoko geltokiarekin lotuko duen igogailu inklinatua ipintzeko lanak hasiko dira astelehenean. Ereagako igogailuaren antzeko kabina panoramikoa izango du, eta horrez gain, Txakursolon, pertsona ezgaituentzat aparkalekua egingo da.

Lanei dagokienez, Txakursolo kalearen ezkerreko aldean oinezkoen igarotzea eten egingo da lanak irauten duten bitartean, eta horretarako eskuinaldeko espaloitik behin-behineko bideratzea egin ahalko da.

Aldi berean, materialak pilatzeko eta obrako etxolak eta makinak ezartzeko guneak mugatuko dituzte plazan bertan zein metroko trenbideen gaineko aparkalekuko eremuan, etorkizuneko igogailuaren irteerako gunean.

Lan hauek zazpi hilabeteko iraupena izango dute eta aurrekontua 1.550.000 eurokoa izango da, hau ere Tokiko Inbertsioko Estatuko Funtsaren kargura.