EUSKADI.-Getxoko Ereaga hondartzako igogailuak asteazkenean hasiko du udako ordutegia

Actualizado: lunes, 27 julio 2009 13:12

BILBO, 27 Jul. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Ereaga hondartzako igogailuaren udako ordutegia asteazken honetan jarriko da martxan, zerbitzua hobetu eta hondartza, Portu Zaharra eta Kirol Portuaren eta Algortako erdigunearen, eta metroko geltokiaren artean dauden esparru eta zerbitzu publiko zein pribatuak oinezkoentzat gehiago lotzeko asmoz. Ordutegiari buruz Getxoko Udalak jasotako iradokizun askori erantzun nahi zaie neurri horrekin.

"Helburua da Ereaga eta inguruetan dauden hamaika erakargarritasunez gozatu ahal izatea, aro honetan egunak luzeagoak direla baliatzearekin batera norberaren ibilgailua hartzea ekidingo duen garraiobidea eskura edukiz, ibilgailu pribatuak zaildu egiten baitu bai hondartzara bai Algorta auzoko goiko aldera iristea. Horrez ganera, ordutegia zabalduz inguruko taberna eta antzekoetara jende gehiago sartuko da", azaldu du Komunikazio eta Herritarren Arreta Arloko zinegotzi Josu Loroñok.

Ordutegi berria irailera arte egongo da indarrean. Igogailuaren zerbitzua 23:00etan itxiko da, igandea eta osteguna bitartean, eta 00:30etan ostiral, larunbat eta jaiegun bezperatako gauetan, baita San Inazio eta Portu Zaharreko jaietan ere. Zerbitzua 10:00etan zabalduko da.

Aurtengo ekainaren 30era arte 30.000 lagun baino gehiagok erabili dute igogailua. Iazko epe berean 28.217 pertsonek erabili zuten, eta beraz, %6 handitu da zerbitzuaren erabilera.