EUSKADI.-Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,8 milioi euro inbertituko ditu Izaskunerako (GI-3421) lotune berri bat eraikitzeko

Actualizado: lunes, 15 junio 2009 14:17

DONOSTIA, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak Izaskunerako (GI-3421) lotune berri bat eraikiko du eta horri esker N-1 errepidetik Asuncion klinikaraino zuzenean iritsi ahal izango da, Tolosako hirigunetik igaro gabe. Bide berriak 800 metro inguruko luzera izango du eta 1,8 milioi euroko inbertsioa egin behar izango da; egikaritza-epea zazpi hilabetekoa da.

Foru erakundeak burutuko dituen obra hauen funtsa, N-1etik Tolosara sartzeko Santa Luciako sarreran hasiko den eta gaur egun Izaskun auzora igotzeko Asuncion klinikaren parean dagoen bidearekin bat egingo duen bide berri baten eraikuntza da. Honi esker, Izaskun auzoko bizilagunek nahiz Asuncion klinikako langile eta erabiltzaileek N-1 errepidera iristeko Tolosa zeharkatu beharra ekidingo da. Izan ere, gaur egun, bertara iristeko dagoen ibilbidea Santa Clara komentuaren parean hasten da, Tolosatik.

Bide berriaren diseinua egiterako orduan, kontuan izan da bide berria udal-sareko errepide bat dela. 40 km/o-ko proiektu abiadurarekin, bi erreieko galtzada bat proposatu da, bakoitza 3,00 metrokoa, alde bakoitzera bermak eta arekak dituelarik eta bihurgune itxienetan zabalera handiagoak egokitu dira. Bidezorua malgua izango da, asfaltozko aglomeratu beroarekin egina eta bide berri honen luzera osoa 792,373 metrokoa izango da.

Bidearen trazaduraren ezaugarriei dagokionez, luzera-malda ibilbide osoan %7a baino handiagoa da, %9,82ko gehiengora iritsiz eta plantan 18 metroko gutxieneko radioa erabiliko da Izaskunera doan gaur egungo bidearekin lotuko duen bihurgunean.

Errepide zati berri honetaz gain, proiektuak N-1eko lotune-adarra aldatzea ere jasotzen da, nahiz eta ez den plantaren trazadura aldatzerik aurreikusten, ezta luzera-perfila eta gaur egungo peralteak. Soil-soilik egungo galtzada berrantolatzea aurreikusten da, ezkerrerako biraketa duten bi errei sortuz: bat Santa Lucia auzorako sarrera emango duena, 25 metroko luzera eta 3 metroko zabalerarekin; eta bestea, Izaskunerako bide berriarekin lotuko duena, 20 metroko luzera eta 3 metroko zabalerarekin. Azken honen elkargunea kanalizatutako "T" baten bidez egingo da.

Adarreko bide berriek, berrantolaketa berriaren arabera, lau metroko zabalera izango dute eta 196,927 metroko luzera batean aldaketak izango dituzte. Galtzada guztia fresatu egingo da ondoren, errodadura kapa ordezkatu ahal izateko asfaltuzko aglomeratu beroarekin, eta gainera, behar diren kanalizazio babesguneak sortuko dira hormigoia erabiliz.

Santa Lucia auzoraino joango den adarrak 41,928 metroko luzera izango du eta bere zeharkako sekzioa 3,50 metroko bi errei eta ezkerraldean hiru metroko zabalera duen espaloia izango du eta eskuinean berriz, bi metrokoa.

Hegalean gora, gaur egun Izaskunera doan lotura bidean, "T" formako elkargune bat planteatzen da, ezkerrerako biraketa erreirik gabe Asuncion klinikaraino iristea ahalbidetuko duena. Elkargune honetarako adostu den sekzioa ondokoa da: lau metroko zirkulazio erreiak eta biraketa erreiak.

Elkargunetik klinikarantz doan adarraren luzera 60 metrokoa da eta bere zeharkako sekzioa, hau da: bost metroko errei bat eta alde bakoitzera, 0,50 metroko espaloiak.

Obrak aurrera eramango diren hegalak, Azterketa Geoteknikoan jasotzen den bezala, hainbat luizi jasan ditu eta ur-filtrazio ugari aurkezten ditu. Horregatik, harri-lubetak erabiltzea aurreikusten da dreinatze-betetzeak sortzeko eta lurrari eutsiko zaio hormigoizko harri-lubeta hormekin, 0,5 metroko gehienezko altuera.

Lanak egiteko egin behar diren lur-mugimenduek 44.158,355 m3-ko indusketa bolumena suposatzen dute. Ebakidura egonkorrak 2(V):3(H) ezponden bidez garatuko dira eta ondoren, leheneratu egingo dira lur begetala eta ereite hidraulikoa erabiliz.