EUSKADI.-Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxegaratera igotzeko galtzada berria eraikiko du N-1 errepidean

Actualizado: lunes, 30 marzo 2009 14:27

DONOSTIA, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak galtzada berria eraikiko du Etxegaratera

igotzeko azken zatian, N-1 errepidean, Gasteizerako noranzkoan, ferra formako bi kurba oso itxiak dauden puntuan trafikoaren arintasuna eta segurtasuna handitzeko. Eptisa-Cinsa injeniaritza enpresak idatziko du proiektua, 512.000 euroko aurrekontuarekin eta bederatzi hilabeteko epearekin.

Proiektuaren helburua da trafikoaren arintasuna eta bide segurtasuna hobetzea bereziki konplexua den tarte batean, N-1 errepidea puntu horretan mendi autobia baita, gainera, ibilgailu astun askok zeharkatzen dutena (Etxegarateko trafikoaren %50 kamioiak dira), foru erakundetik azaldu dutenez.

Gipuzkoako bide sareko garrantzi handiko puntu horretan, N-1 errepidea banatu egin zen Etxegaraten, 2003an; beherako galtzada berria eraiki zen Irungo noranzkoan eta gorako galtzada lehendik zegoenean mantendu zen.

Gasteizerako noranzkoko gorako galtzadak, lehengo N-1 errepidean dagoenak, trazatu bereziki bihurgunetsua du "gatzaren kurba" deiturikotik aurrera. Bertan, ferra formako bi kurba itxi daude eta zenbait puntutan malda %6koa baino handiagoa da.

Puntu hori hobetzen jarraitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da galtzada berri bat eraikitzea, N-1 errepidearen Etxegarateko saihesbidea (Gasteizerako noranzkoa), egungo trazatu bihurgunetsua saihesteko aukera emango duen tunel berria eraiki eta Etxegarate gaineko zerbitzu eremurako eta aldameneko eraikinetarako sarbideak birmoldatuta, eraikiko den biribilgune berrira egokitzeko.

Horrela bada, idatzi beharreko eraikuntza proiektuak gorako zati berri bat egitea biltzen du, 1,8 kilometro luze, 600 metroko tunela eta hiru bideko galtzada izango dituena.