EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Bilbon heroina saldu eta atxilotu zuten ertzainei kontra egiteagatik

Actualizado: miércoles, 17 febrero 2010 12:24

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Bilbon droga-trafikoaren delitu bat egotzita. Heroina zirudiena saltzen ari zelakoan, ertzainak harengana joan ziren eta, atxilotzerakoan, agenteetako bat zauritu egin zuen, esku batean ostikada bat emanez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo arratsaldeko 17:50ean jazo ziren, Bilboko Miribilla auzoan. Droga trafikoaren eta kontsumoaren kontrako zaintza-lanetan zebiltzan agente batzuek droga-salerosketa bat izan zitekeena ikusi zuten ordu horretan.

Bi gizonezko beste batengana hurbildu ziren eta, hari dirua eman ondoren, hark poltsa termozigilatu bat eman zien; heroina omen zen horren barruan zegoen substantzia. Ikusitakoa ikusita, ertzainak identifikatu egin ziren eta erosleak, orduan, lurrera bota zuen poltsatxoa; bertatik jaso zuten agenteek.

Ustezko saltzailea identifikatzerakoan, susmagarriak eraso egin zion agenteetako bati, eskuan ostikada bat emanez. Ondorioz, lesioa egin zion atzamarretako batean. Hori dela eta, atxilotu egin zuten, osasun publikoaren kontrako delitua eta agenteen kontrako atentatua egotzita.

Atxilotua Bilboko Ertzainetxe batera eraman zuten, eta, beharrezko eginbideak betetakoan, Guardiako epailearen esku utziko dute datozen orduotan.