EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Bilbon saltzaile bati erasotzeagatik bi kaxa ardo lapurtzeko

Actualizado: jueves, 28 mayo 2009 15:52

BILBO, 28 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Bilbon indarra erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatuta. Supermerkatu bateko saltzaileari eraso egin omen zion atxilotuak bi kaxa ardo lapurtu ahal izateko. Gainera, biktimari laguntzen saiatu zen bezero bati eta, atzeman zutenean, agenteei ere eraso egin zien atxilotuak. Lesio delitu bat dela-eta Getxoko Epaitegiak ezarritako atxiloketa agindu bat zeukan bere aurka atxilotutako gizonezkoak.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, atzo arratsaldean, 20:20 aldera, Bilboko Abando auzoko supermerkatu bateko bezero bat dendatik irteten saiatu zen gainean zeramatzan bi ardo kaxak ordaindu gabe eraman nahian. Saltzailea horretaz konturatu zen eta produktuak ordaintzeko eskatu zion; aitzitik, ustezko lapurrak besotik heldu zion emakumezkoari eta buruan ukabilkada bat eman zion.

Bezero batek saltzaileari lagundu nahi izan zion eta honek ere erasotzailearen hainbat ukabilkada jaso zituen. Lekukoek Ertzaintzari dei egin zioten eta patruila bat heldu arte lapurra geldiarazi zuten denen artean. Agenteek indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta delitu bat eta atentatuen beste delitu bat leporatu dizkiote, atxiloketan zehar agenteei aurre egin zielako.

Gainera, 39 urteko atxilotuak beste lesio delitu bat dela eta, Getxoko Epaitegiak ezarritako atxiloketa agindu bat zeukan betetzeke. Ertzainetxera eraman zuten eta datorren orduetan jarriko dute epailearen esku.