EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Donostian kutxazain automatikoetan kreditu txartelen bidez 13.600 euroko maula egiteagatik

Actualizado: jueves, 6 agosto 2009 14:01

DONOSTIA, 6 Ago. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizon bat atxilotu zuten astearte goizean Donostian, hiriko banketxe batean kreditu txartelen bidez eta zenbait kutxazain automatiko manipulatuz maula egitea egotzita. Atxilotua informatika teknikaria da, eta banketxe baterako lan egiten duen informatika enpresa bateko langilea da. Hain zuzen ere, iruzurraren biktimak banketxe horretako bezeroak dira. Guztira 13.600 euroko maula egin du atxilotuak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak maiatzaren bukaeran eta ekainaren hasieran jazo ziren, banketxe bateko hainbat kutxazain automatikotan. Dirudienez, informatikaz eta banketxe horretako kutxazain automatikoen funtzionamenduaz duen ezagutzaz baliatuta, gizonezkoak 14 aldiz atera zuen dirua beste horrenbeste kontu korrontetatik. Hain zuzen ere, kontu horien jabeak izan ziren banketxea gertatutakoaz ohartarazi zutenak, eta hortaz, ikertzen hasi ziren.

Delituzko gertakarien berri izan zuenean, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Lan horren ondorioz, astearte goizean delituen ustezko egilea atxilotu zuten: 28 urteko gizonezko bat. Atxilotuak aipatutako banketxeko kutxazain automatikoak kudeatzeaz arduratzen den informatika enpresa batean egiten du lan, eta hain zuzen ere, banketxe horretako bezeroak izan dira maula jasan duten pertsonak.

Ertzaintzak gertakarien ustezko egilea atxilotu eta Donostiako ertzainetxera eraman zuen, eta behin dagozkion polizia eginbideak amaituta, gaur goizean Guardiako epailearen aurrera eraman dute.