EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Donostian mazo batekin autobus geltoki bateko markesina bateko kristalak apurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 13 enero 2010 14:48

DONOSTIA, 13 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Donostian, kalte-delitu bat eta mehatxu-delitu bana egin izana egotzita. Zerbitzutik kanpo zegoen ertzain batek geldiarazi eta atzeman zuen atxilotua, oinezko batzuen aurrean arma zuri bat ateratzen zuela eta markesina bateko kristalak mazo batekin hausten zituela ikusi ostean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakaria atzo arratsaldeko lehen orduan jazo zen, Donostiako Teresa de Calcuta plazan. Zerbitzutik kanpo zegoen Ertzaintzaren agente batek keinuka eta eskuan labana bat zuela jarrera mehatxagarria erakusten ari zen gizon bat ikusi zuen kalean. Gizona autobus geltoki bateko markesina bateraino joan eta, aparkatutako moto bateko kutxatik mazo bat hartu ostean, markesinako kristalak hausten hasi zen, autobus geltoki horretan hainbat pertsona jesarrita zeuden arren.

Orduan agenteak esku hartu zuen, gizon hura geldiarazteko eta menderatzeko asmoz. Hala, borrokan hasi eta lurrera erori ziren biak; hori dela eta, zauritu egin ziren, lurrean zeuden kristalekin egindako ebakien ondorioz. Beste lekuko batzuek ertzaina lagundu zuten, patruila bat bertaratu zen arte. Ertzainek gizonezkoa atxilotu zuten, kalte-delitu bat eta mehatxu-delitu bana egin izana egotzita.