EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Gasteizen adimen urriko gizon bati saltoki batean labana batekin lapurtzera behartzeagatik

Actualizado: lunes, 1 febrero 2010 14:44

GASTEIZ, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Gasteizen, adimen urriko gizon bati saltoki batean labana batekin lapurreta egitera bultzatu izana egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo arratsaldeko 19:00ak aldera jazo ziren. Lakua auzoko saltoki baten jabeak Ertzaintza ohartarazi zuen, gizon bat bere lokalean labana batekin sartu zela eta dirua emateko eskatu ziola salatzeko. Zenbait patruila bertaratu ziren eta erasotzailearen ezaugarri fisikoekin bat egiten zuen gizon bat atzeman zuten.

Hura atxilotu zutenean, eta lapurreta egiteko erabili zuen labana kendu ziotenean, ertzainek baieztatu zuten gizonak ezintasun psikiko bat zuela. Atzemandakoak jakinarazi zien beste gizon batek behartu zuela (herio-mehatxuen bidez) lapurreta egitera, eta labana gizon hark eman ziola.

Agenteek lapurretaren eragilea (20 urteko gizon bat) inguruetan aurkitu eta atxilotu zuten, indarkeriaz egindako lapurreta baten eragilea izatea egotzita. Gizonari ordenagailu eramangarri bat atzeman zioten; ondoren baieztatu ahal izan zutenez, gertu aparkatutako ibilgailu batetik ostu zuten.

Atxilotuari ibilgailu batean egindako lapurreta bat eta indarkeria erabiliz egindako lapurreta bat egotzi zizkioten. Lapurreta zuzenean egin zuen gizona, berriz, bere tutore legalaren esku utzi zuten.