EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Gasteizen gazte bati bi labankada emateagatik

Actualizado: lunes, 25 enero 2010 15:36

GASTEIZ, 25 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu dute gaur gauerdi aldera Gasteizen, lesio-delitu bat egin izana egotzita. Atxilotuak bi labankada eman zizkion gazte bati, taberna batean eztabaidan aritu ostean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atzo gaueko 23:15 aldera, hainbat patruila Gasteizko Iparraldeko parkeko gasolindegira bertaratu ziren, pertsona bat labankadaz zaurituta zegoela jakinarazi baitzieten. Gasolindegian, anbulantzia bateko langileak artatzen ari ziren gizon bat aurkitu zuten agenteek. Anbulantziak zauritua Santiago Ospitalera eraman zuen, arma zuriz egindako zauriak baitzituen, eta ondoren, ospitalean ebakuntza egin behar izan zioten.

Ertzaintza gasolindegira heldu zenean, lau gizonezkok alde egiten zutela ikusi zuten ertzainek. Horietako bat ustezko erasotzailea omen zen, ondoren jakin ahal izan zutenez. Dirudienez, zauritutakoa eta beste gazte bat eztabaidan ibili ziren gertuko taberna batean, eta bigarrenak eraso egin zion lokalaren kanpoaldean, aipatutako zauriak eginda.

Zenbait lekukorekin hitz egin ostean, Ertzaintzak erasotzailea identifikatu eta Sansomendiko auzoan bizi zela jakin zuen. Gaueko 00:30etan, ertzainek susmagarria (polizia aurrekariak dituen 27 urteko gizon bat) atxilotu dute, haren etxebizitzan. Gaztea epailearen esku geratu da gaur eguerdian.