EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Irunen (Gipuzkoa) kafetegi batean lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 13 enero 2010 13:03

DONOSTIA, 13 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Irunen (Gipuzkoa), herriko alde zaharreko kafetegi batean lapurtu izana egotzita. Ustezko lapurrak establezimenduko leiho bat indarrez zabaldu eta eskupeko-ontzian zegoen dirua lapurtu du. Jarraian, presaka alde egin du, ihesaldian zapatila bat kafetegian galduta. Denbora gutxira, patruila batek sumagarria atzeman du, gertuko kale batetik oinutsik zebilela, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Lapurreta gaur goizaldeko 3:55ean gertatu da, Irungo alde zaharreko jatetxe batean. Establezimenduko alarmari esker, Ertzaintzak jakin du lapurreta bat egiten ari omen zirela bertan. Patruila bat bertaratu da eta agenteek baieztatu dute lokaleko leiho bat hautsita zegoela; gainera, establezimenduaren jabeak eskupeko-ontzian zegoen dirua lapurtu zutela salatu du. Agenteek miaketa egin eta kirol-zapatila bat aurkitu dute lokalean, lapurrak ihes egiterakoan galdutakoa.

Lapurretaren egilea inguruetatik zebilela iritzita, agenteak bere bila hasi dira. Pixka bat geroago, ertzainek zapatila bakar batekin zebilen gazte bat ikusi dute. Polizia zegoela ohartu denean, gizonezkoak zapatila kendu eta kalean utzi du.

Patruilak oinutsik zebilen gaztea identifikatu eta atxilotu du, kalean utzi berri zuen zapatila jatetxean aurkitutakoa bezalakoa zela eta txanpon ugari, ustez, lapurretan eskuratutakoak, zeramatzala baieztatu ostean. Atxilotua, 19 urteko gizon bat, polizia egoitza batera eraman dute beharrezko eginbideak burutzeko eta, datozen orduotan, epailearen esku geratuko da.