EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Lezon (Gipuzkoa) hiru auto indarrez irekitzeagatik

Actualizado: jueves, 25 junio 2009 15:22

DONOSTIA, 25 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak eta Lezoko Udaltzaingoak 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo herri gipuzkoarrean, bertan aparkatuta zeuden hiru auto indarra erabiliz ireki izana leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Atzo goizean, 6:00ak aldera, bizilagun batek Lezoko Udaltzaingoari deitu zion 'Campsa' izenaz ezagutzen den udalerriko gunean jarrera susmagarria zuen gizonezko bat zebilela ohartarazteko. Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteak bertaratu zirenean, gizonezko bat antzeman zuten auto baten barruan; ibilgailua indarra erabiliz irekita zegoen eta susmagarriak ez zeraman dokumentaziorik gainean.

Hau ikusita, agenteek berehala atxilotu zuten gizonezkoa. Susmagarriak hainbat ebaki zituen esku bietan eta osasun zentro batera eraman zuten artatu zezaten. Inguruak miatu zituztenean, agenteek motxila bat aurkitu zuten; barruan susmagarriaren dokumentazioa zegoen, eta baita hainbat eskuko telefono eta irrati-kasete bat ere. Gainera, bertan aparkatuta zeuden hiru ibilgailu ere indarra erabiliz irekiak izan ziren: leihatilak hautsita zituzten eta barruan dena zegoen hankaz gora.

Atxilotua -26 urteko gizonezko bat-, zauriak sendatu zizkiotenean, ertzainetxera eraman zuten, eta epailearen esku jarri dezaten zain dago une honetan.