EUSKADI.-Gizon bat atxilotu dute Oiartzunen (Gipuzkoa) hiru autokarabanatan lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 23 febrero 2009 15:01

DONOSTIA, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 20 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo Oiartzunen (Gipuzkoa) lapurreta delitu bat egotzita. Atxilotuak herri gipuzkoarreko kanpin batean zeuden hiru autokarabana indarrez zabaldu zituen eta barruan ostu zuen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean, 17:30ak aldera, Oiartzungo kanpin batean, bere autokarabana barruan zegoen emakumezko batek gizon bat leiho batetik (kristala kenduta) autokarabana barruan sartu nahian zebilela ikusi zuen. Barruan pertsona bat zegoela konturatzerakoan, lapurrak ihes egin zuen segituan.

Patruila bat bertaratu zen eta, gertatutakoa egiaztatu ondoren, ertzainak susmagarriaren bila hasi ziren. Pixka bat geroago inguruetan atzeman eta atxilotu zuten. Kanpin berean, beste karabana batean ere leihoa hautsi zuten eta bideokontsola bat, TDT aparatu bat eta sakeleko telefono bat ostu zituzten; gainera, barrualdea erabat nahasita utzi zuten.

Halaber, beste karabana batean ere sarraila eta leihoa indarrez zabaldu zituzten eta, aurreko kasuan bezala, honetan ere barrualdea nahasita eta zenbait objektu hautsita utzi zituzten. Hirugarren karabana honetan DVD erreproduzitzaile bat ostu zuten. Atxilotua (delitu aurrekari ugari ditu) epailearen esku jarri dute gaur goizean.

Bestalde, atzo goizean, patruila bat Zarauzko (Gipuzkoa) saltoki batera bertaratu zen, lapurreta egin baitzuten. Dirudienez, sarrera atea indarrez zabaldu eta lau bisera ostu zituzten.

Udalerriko tren geltokian, agenteek susmagarriari buruz jaso zituzten ezaugarri fisikoekin bat zetorren gizon bat atzeman zuten. Atzemandako gizonezkoari saltokitik ostutako lau biserak eta kafetegi batean biktimaren deskuidoaz baliatuz lapurtutako Pentax argazki kamera bat atzeman zizkioten. Kameraz gain, kafetegian zorro bat ere lapurtu zuen.

Atxiloketa honekin, hilabete honetan gizonezko hau hiru aldiz atxilotu du Ertzaintzak jabetzaren kontrako delituengatik. Atxilotua, 35 urtekoa, epailearen esku jarri dute gaur.