EUSKADI.-Gizon bat eta adingabeko bat atxilotu dituzte Getxon (Bizkaia) bulego batean lapurtzen saiatzeagatik

Actualizado: jueves, 16 abril 2009 15:16

BILBO, 16 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 23 urteko gizonezko bat eta 16 urteko adingabeko bat atxilotu dituzte gaur goizaldean Getxon (Bizkaia), palanka bat erabiliz barruan lapurretan egiteko bulego bateko atea indarrez ireki izanagatik. Dendatik ateratzean harrapatu dituzte agenteek, aparkatuta zegoen auto batean ihes egitera zihoazenean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldean, 2:00ak aldera, bizilagun batek Ertzaintzari deitu dio bi gizonezko Algorta auzo getxotarreko toki bateko atea indarrez ireki ostean barrura sartu zirela ohartaraziz. Agenteak bertaratu direnean, bi pertsona ikusi dituzte aipatutako dendatik ziztu bizian irteten eta bulegoaren aurrean zegoen auto batean sartzen. Susmagarrien ihesa galarazteko, ertzainek beren autoa jarri dute aurrean.

Bi gizonezkoak identifikatu dituzte segidan eta dendako atea indarra erabiliz irekia izan dela egiaztatu dute. Barrualdea hankaz gora zegoen: tiraderak irekita zeuden eta hainbat objektu lurrean zehar botata. Ertzainek autoaren barruan palanka bat aurkitu dute, ustez, atea irekitzeko erabilitakoa. Ustez lokal horretatik ostutako hainbat sakeleko telefono, diru-zorro bi eta erloju bat ere aurkitu dituzte.

Honen guztiaren aurrean, agenteek bi susmagarriak atxilotu dituzte indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta delitu bat leporatuta. Atxilotuetako bat adingabea izanik (16 urte), bere familiaren zaintzapean aske utzi dute eta bestea (23 urte) gaur bertan jarriko dute epailearen esku.