EUSKADI.-"Gu Gira" kantaldia izango da igandean Donostiako Kursaalen, 1970eko hamarkadako euskal kantagintza gogoratzeko saioa

Actualizado: viernes, 3 abril 2009 15:27

DONOSTIA, 3 Abr. (EUROPA PRESS) -

"Gu Gira" izenburuko kantaldia izango da igande honetan Donostiako Kursaalen. 1970eko hamarkadako euskal kantagintza gogoratzeko saio honetan, oholtzaz oholtza euskaraz kantatzen aintzidari izan ziren hainbat musikari ariko dira ezustekoz betetako saioan.

"Gu Gira" euskal kantagintzaren historiaren berri emateko Elkar diskoetxeak Radio Euskadiren babesaz antolatu duen ikuskizuna da. Iaz Elkarrek plazaratu zuen "Gu Gira" diskoa du oinarri ikuskizunak eta euskal kantagintzaren hastapenetik 1983ra bitarteko ibilbide mardula egiten du.

Esan bezala, kantaldi berezi hau igande honetan izango da, Kursaal Auditorioan, 20:00etan hasita. Ikuskizuna ezustekoz beterik egongo da, eta kantuen eta kantarien bidez, 1970eko hamarkadako urteen mamia laburbilduko da era hunkigarri, samur eta iradokitzailean.

Besteak beste, Antton Valverde, Gorka Knörr, Urko, Gontzal Mendibil, Iñaki Eizmendi, Urbil & Txomin Artola, Mixel Ducau (Errobi) eta Niko Etxart ariko dira kantari, ikusleen gogoan gorderik geratuko den une bat biribiltzeko asmoz.