EUSKADI.-Guggenheim Bilbao Museoak 905.000 bisitari jaso ditu 2009an, aurreko urtean baino %4,73 gutxiago

Actualizado: lunes, 4 enero 2010 19:29

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Guggenheim Bilbao Museoak 905.048 bisitari erakarri zituen 2009. urtean, 2008an baino %4,73 gutxiago, hain zuzen ere. Beherapen hori jasan arren, museoak "%100ean" bete zituen ekitaldi horretarako aurreikusitako joerak. Beraz, balantzea "positibotzat" jo dute museoaren arduradunek, egoera ekonomiko desegokia eman eta Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) heldutako nazioarteko bisitarien kopuruak behera "nabarmen" egin zuen arren.

Museo bilbotarreko arduradunek gaur jakinarazi dutenez, bisitarien jatorri geografikoari dagokionez, 2009ko berritasun gailenena Estatu espainiarretik etorri ziren bisitari kopuruaren sei puntuko gorakada izan zen: %40 aurten, iazko ekitaldiko %34aren aurrean. Era berean, horien artean, nabarmentzekoa da EAEtik bertatik etorri ziren bisitari kopuruaren gorakada (%14, 2008an baino lau puntu gehiago eta 2007ko kopuruaren -%6- bikoitza baino gehiago).

2009an bisitari atzerritarren artean eman zen beherapena (guztizko bisitari kopuruaren %60, 2008ko %66aren aurrean), bertako eta Estatuko bisitarien kopuruaren gorakadarekin orekatu zuen museoak. Hala ere, oso maila altuetan mantendu zen portzentajea, museora etorri ziren hiru bisitaritik bi atzerritarrak baitziren. Horien artean, frantsesak izan ziren, aurreko urteetan bezala, museora gehien etorri zirenak (%19), eta ondoren ingelesak (%7), alemanak (%7), estatubatuarrak (%5) eta italiarrak (%5).

WEBGUNEA ETA HEZKUNTZA-PROGRAMAK

Bestalde, 2009. urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, www.guggenheim-bilbao.es webguneak 958.702 bisita izan zituen (2008an baino %21,8 gehiago) eta 4.747.380 orri ikusi ziren (2008an baino %13,9 gehiago).

Joan den ekitaldian, 571.795 pertsonak (2008an baino %20,93 gehiago) parte hartu zuen Guggenheim Bilbao Museoak publiko desberdinentzat (hezitzaileak, haurrak, familiak, gazteak, Lagunak, gizarte-egoera ahuleko taldeak, etab.) antolatun zituen 50 hezkuntza-programetako batean.

Bestalde, Kide Korporatiboen Programa 134 korporaziok osatzen dute egun eta Banakako Kideen Programa hazi egin zen joan den urtean ere. Hala, 16.110 lagunekin, Estatuko mota horretako talde handiena da

eta Europako garrantzitsuenetako bat.

ERAGINA EKONOMIAN

2009. urtean Guggenheim Bilbao Museoaren jarduerek EAEko ekonomian izan zuten eragin ekonomikoaren inguruan egindako azterketan zenbait alderdi nabarmendu dituzte bere arduradunek. Horrela, iaz museoaren jarduerak Euskadin sortutako guztizko gastu zuzena 204.506.729 eurokoa izan zen, bisitari bakoitzeko 225,97 euroko batez besteko gastua adieraziz.

Halaber, 2009an Guggenheim Bilbao Museoaren jarduerek 185.576.062 euroko aberastasuna sortu zuten EAEko BPGan, eta jarduera ekonomiko honek eraginda, 25.273.604 euroko sarrera gehigarriak izan zituzten euskal ogasun publikoek. Gainera, jarduera honek 3.695 enplegu mantentzen lagundu zuen.

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoak Europan buruan diren kultura erakundeen artean duen lekua bermatu zuen autofinantzaketa mailari dagokionez, 2008an bezala, %65 ingurukoa izan baitzen, hots, hiru

eurotik bi museoak berak sortu zituen.