EUSKADI.-Guggenheim Bilbao Museoak "Arte eta Jazz Gauak" ekimenarekin egingo du bat Aste Nagusiko ospakizunekin

Actualizado: martes, 28 julio 2009 14:03

BILBO, 28 Jul. (EUROPA PRESS) -

Aurten ere Guggenheim Bilbao Museoak Aste Nagusiko ospakizunekin bat egingo du "Arte eta Jazz Gauak" ekimenaren bitartez. Nazioarteko artista ezagunak museoaren Atrioan arituko dira Bilboko jaietan eta erakusketak ere ikusi ahal izango dira zuzeneko jazzarekin lagunduta, museo bilbotarreko arduradunek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Abuztuaren 18tik 21era bitartean, 23:00etatik 2:00etara arte, izen

handiko musika taldeen emanaldiak izango dira Atrioan. Jarduera honek Bilbao Bizkaia Kutxaren (BBK) babesa eta Eulen Taldearen laguntza jasoko du oraingoan ere.

Horrela, abuztuaren 18an, Wendell Brunious 4tet taldea izango da protagoniosta; abuztuaren 19an, Jorge Rossy 5tet featuring Mark Turner & Ben Street emanaldia izango da; 20an, Albert Bover Trioren txanda izango da; azkenik, 21ean, Itxaso Circle Game taldea ariko da.

Jazz musikarekin batera, museora gerturatzen diren bisitariek "Cai Guo-Qiang" eta "Pribatutik publikora: Guggenheim Bildumak" aldi baterako erakusketez eta "Instalazioak II: Bideoa Guggenheim Bildumetan" bilduma iraunkorraren aurkezpenaz ere gozatu ahal izango dute.

Sarrerak uztailaren 15etik eskuratu ahal dira museoko leihatiletan eta www.guggenheim-bilbao.es webgunean, 14,5 euroren truke. Museoaren Lagunek, Kide Korporatiboek eta egun horietako bisitariek 7,5 euroko prezio berezia izango dute.