EUSKADI.-Guztira 226 ERE ebatzi ditu Eusko Jaurlaritzak urtarrilean, eta horietatik 216 baimendu

Actualizado: jueves, 11 febrero 2010 13:11

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 226 enplegu-erregulazioko espediente (ERE) ebatzi zituen joan den urtarrilean, eta horietatik 216 baimendu zituen, hiru ukatu eta zazpiri uko egin zien. Baimendutako 216 espediente horietatik 143 berritzeak izan ziren, hau da, bigarren espedienteak. Urtarrilean, guztira, 3.944 langile zeuden baimendutako espedienteen barruan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gaur jakinarazitako datuen arabera.

2009ko abenduan baimendutako enplegu-erregulazioko espedienteen %50 berrikuntzak izan ziren, eta joan den urtarrilean joera horrek jarraitu egin zuen. Horrez gain, lehenengo espedienteak gutxitu egin ziren, eta horrela, joan den urtarrilean lehenengo espedienteak 73 izan ziren, hau da, 2009ko hil berean erregistratutakoak baino %50 gutxiago, orduan 167 izan baitziren.

Urtarrilean baimendutako 216 espedienteetatik, 197 etenaldikoak izan ziren (3.667 langile), sei lanaldia murriztekoak (68 langile) eta 13 kontratu-amaierakoak (209 langile).

Enpresako zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen adostasunarekin baimendutako espedienteak 183 izan ziren, hots, espedienteen %85 adostutakoak izan ziren. Adostasunik gabe, ordea, 32 espediente baimendu ziren (29 etenaldikoak, bat murrizketakoa eta bi kontratu-amaierakoak). Espedienteen %99 ekoizpen-arrazoietan oinarritu ziren.

Bestalde, 2010eko urtarrilaren 31n 1.239 espediente aktibo zeuden. 2009ko urtarriletik 877 enpresa atera dira enplegu-erregulazioko espedienteren batetik, eta 26.545 langile itzuli dira lanpostura espedienteren bat amaitu ondoren.

Gaur egun, 28.831 langile daude etenaldiko edo lanaldi-murrizketako espedienteren batean murgilduta. Aktibo dauden espedienteetatik, 543 enplegu-erregulazioko bigarren espedienteak dira, eta 15.103 langile hartzen dituzte guztira.