EUSKADI.-Hainbat saltokitan lapurtu duen 20 urteko gizon bat atxilotu dute Ormaiztegin (Gipuzkoa)

Actualizado: miércoles, 8 julio 2009 15:04

DONOSTIA, 8 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 20 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo goizaldean Ormaiztegin, Gipuzkoako udalerri horretako saltoki ezberdinetan egindako zenbait lapurretatan nahasita dagoelakoan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzoko 3:30ak aldera, Ormaiztegiko taberna batean lapurtzen ari omen zirela jakinarazi zion herritar batek Ertzaintzari. Patruila bat tokira bertaratu zen eta establezimenduko beiratea hautsita eta ateetako bat erauzita zeudela egiaztatu zuen. Aldi berean, elikagaiak saltzen dituzten gertuko bi saltokitako sarrerak ere indarrez zabalduta zeudela ohartu ziren.

Hori dela eta, agenteek tokia miatu zuten eta, inguruetan aparkatutako karabana batean, kutxa erregistratzaile bat manipulatzen ari ziren bi lagun harrapatu zituzten. Polizia ikusterakoan, susmagarrietako batek ihes egin zuen; bestea berriz, ertzainek atxiki zuten. Kutxa erregistratzailea lapurtu berri zuten tabernakoa zela egiaztatu zuten agenteek. Halaber, lapurtu berri zuten beste denda bateko jabearen autoko giltzak atzeman zizkioten susmagarriari.

Ertzainek gizonezkoa atxilotu eta polizia egoitza batera eraman zuten. Atzemandakoak jarrera oldarkorra erakutsi zuen aldi oro eta agenteei eraso egiten saiatu zen. Ertzaintza lapurreta hauetan nahasita dagoen beste pertsonaren bila dabil.