EUSKADI.-Haxixaren trafikatzen harrapatu duten 31 urteko gizon bat atxilotu dute Andoainen (Gipuzkoa)

Actualizado: miércoles, 25 marzo 2009 14:28

DONOSTIA, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuten astelehen arratsaldean Andoainen (Gipuzkoa), haxixarekin trafikatzen harrapatu baitzuten. Gertakari honen harira, hilaren 13an, 100 gramo haxix baino gehiago zeuzkan bikote bat atxilotu zuen Ertzaintzak Andoainen bertan, ustez atxilotu berri duten gizonezkoari erositakoa, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Urte hasieratik, Andoaingo Arrate auzoko zenbait taberna inguruetan gai sorgorgarrien -bereziki haxixaren- kontsumoak gora egin zuela igarri zuen Ertzaintzak. Dagokion ikerketa abiatu ostean, aipatutako eremuko droga salmenta horretan, ustez, gizonezko bat nahasita zegoela jakin ahal izan zuten.

Hala, ikerketa egiterakoan, martxoaren 13an, bikote bat susmagarriaren etxebizitzan sartzen zela ikusi zuten agenteek. Barruan hainbat minutu egon ostean, auto batean alde egin zuten biek, baina, agenteek ibilgailua geldiarazi zuten pixka bat geroago.

Bikoteak 100 gramo haxix baino gehiago (hainbat zatitan banatuta) zeramatzala egiaztatu ostean, agenteek bi pertsonak (29 urteko emakumezko bat eta 34 urteko gizonezko bat) atxilotu zituzten. Dirudienez, Ertzaintza jagoten ari zen gizonezkoari erosi omen zioten droga.

Ertzaintzak ikertzen jarraitu zuen, eta, joan den astelehenean, 17:00etan, susmagarria eta beste bi pertsona taberna baten inguruetan droga salerosketa bat egiten ari omen zirela ikusi zuten ertzainek. Ustezko bi erosleek alde egin zutenean, ertzainek atzeman zituzten eta horietako batek zortzi gramo haxix zeramatzala egiaztatu zuten; gainera, droga hura erosi berri zuela jakinarazi zuen.

Hortaz, jarraian, ikertzen ari ziren gizonezkoa atxilotu zuten ertzainek, eta 200 eurotik gora (kopuru ezberdineko hainbat billetetan) eta haxix zati bat atzeman zizkioten. Atxilotua (aurretik beste behin atxilotu dute antzeko delitu batengatik) epailearen esku utzi dute gaur goizean.