EUSKADI.-Heriotzak %2,4 igo ziren Euskal Autonomia Erkidegoan 2008ko hirugarren hiruhilekoan

Actualizado: viernes, 27 marzo 2009 12:29

BILBO, 27 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak landutako datuen arabera, 2008ko hirugarren hiruhilekoan 4.249 heriotza izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urteko aldi berean baino %2,4 gehiago. Lurraldeka, Araban 499 lagun hil ziren, Bizkaian 2.343 eta Gipuzkoan 1.407.

Heriotzen kausa nagusia tumoreak izan ziren, 1.393 lagun hil baitziren horiengatik (%32,8); ondoren, zirkulazio-aparatuko gaixotasunengatik 1.077 heriotza izan ziren (%25,3), eta hirugarren arnas eritasunak kokatu ziren, 341 heriotza eragin baitzituzten hiru hileotan (%8).

Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean. Horrela, gizonezkoen artean tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren. Arnas aparatuko gaixotasunak hirugarren heriotza-kausa dira, oraindik ere, sexu bietan.

Bestalde, joan den urteko uztaila, abuztua eta irailean hildakoen artean, 17 lagun urtebetetik beherako haurrak izan ziren: bederatzi mutiko eta zortzi neskato.

Azkenik, 2008ko hirugarren hiruhilekoko hazkunde begetatiboa positiboa izan zen, 1.168 laguneko biztanle-irabaziarekin. Saldo positiboak izan ziren hiru lurralde historikoetan: Arabak 320 biztanle irabazi zituen, Bizkaiak 399 eta Gipuzkoak 449.