EUSKADI.-Hiru adingabe atxilotu dituzte Bilbon adin bereko zenbait laguni lapurtzeagatik eta erasotzeagatik

Actualizado: viernes, 5 junio 2009 20:33

BILBO, 5 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi adingabe atxilotu zituzten atzo Bilbon larderiaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Gainera, beste adingabe bat atxilotu zuten Bilbon ere indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretaren delitu bat leporatuta. Hiru atxilotuek zenbait gazteri eraso eta lapurreta egin omen zieten joan den maiatzean, Casilda Iturrizar parke bilbotarrean.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, gertakariak maiatzaren 16an izan ziren, 21:30ak aldera, Bilboko Casilda Iturrizar parkean.

Adingabe batzuk parketik zihoazen eta, bat-batean, beste lau adingabe (hiru mutil eta neska bat) beraiengana zuzendu ziren. Horietako bik sakeleko telefono bat uzteko eskatu zieten, dei bat egin behar omen zutelako. Beste adingabeek ezetz esan zietenean, bi gazteek telefonoak eta diru-zorroak ematera behartu zituzten, mehatxuen bidez. Ustezko lapurrek adingabeen telefonoak eta zorroetako dirua hartu zituzten; ondoren, diru-zorroak hustu ostean, jabeei itzuli zizkieten.

Halaber, lapurreta jasan zuten adingabeetako batek aurka egin zienez, ustezko lapurretako batek ukabilkada bortitza eman zion bularrezurrean, eta gazteak arnasa hartzeko zailtasunak izan zituen une batez. Segituan, aurka ez egiteko agindu zien erasotzaileak gainerako gazteei, bestela zigor bera jasoko zutelako mehatxua egin zien. Horren guztiaren ondoren, sakeleko hiru telefonorekin eta 35 eurorekin alde egin zuten ustezko lapurrek.

Biktimen salaketen bidez gertakariaren izan zuenean, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen eta, ondorioz, gertakarien aurreko egunean (maiatzaren 15ean), gazte horietako batek eta beste adingabe batek toki berean antzeko lapurreta bat egin omen zutela jakin zuten ertzainek. Kasu hartan, kuter bat erabili zuten lapurrek biktimak beldurrarazteko, eta sakelako telefono bi eta dirua zeukan zorro bat ostea lortu zuten.

Lapurreta horien ustezko hiru egileak identifikatu ostean, beren gurasoekin batera polizia egoitzara bertaratzeko agindua eman zieten ikerketaz arduratutako agenteek, gertakarien inguruan deklaratu zezaten. Horren ostean, agenteek hirurak atxilotu zituzten: bi (16 eta 17 urte) larderiaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita, eta bestea, indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretaren delitu bat leporatuta, lapurretetako batean biktima bat jo zuelako.