EUSKADI.-Hiru gizon atxilotu dituzte Donostian beste bati diru-zorroa eta sakeleko telefonoa lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 27 abril 2009 19:04

DONOSTIA, 27 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu ditu gaur goizaldean Donostian indarkeria erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatuta. Ustezko lapurrek gizonezko bati diru-zorroa eta sakeleko telefonoa ostu dizkiote bultza egin eta lurrera bota ostean. Une batzuk beranduago atxilotu dituzte susmagarriak ertzainek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Lapurreta goizaldean izan da, 5:00etan, Donostiako Kontxako Pasealekuan. Etxerantz zihoan gizonezko bati beste hiru gizonezko hurbildu zaizkio eta, bultza eginez, lurrera bota dute. Heriotza mehatxuak egin ondoren, poltsikoak miatu dizkiote eta gainean zeramatzan diru zorroa eta sakeleko telefono bat ostu dizkiote.

Ustezko lapurrek berehala ihes egin dute baina Ertzaintzako patruila batek geldiarazi egin ditu beren jokaera susmagarria egin zaielako. Agenteek hiru gizonezkoak identifikatu dituzte eta, batek biktimari ostu berri zioten mugikorra gainean zeramala eta ustezko lapurren deskribapenarekin bat zetozela ikustean, indarkeria erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatuta atzeman dituzte.

Modu honetan, 18, 21 eta 22 urte dituzten atxilotuak Ertzainetxera eraman dituzte bertan beharrezko izapideak egiteko, eta datozen orduetan jarriko dituzte epailearen esku.