EUSKADI.-Hiru gizon atxilotu dituzte Oiartzunen (Gipuzkoa), bi adingabeak, hainbat ibilgailutan lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 20 abril 2009 18:40

DONOSTIA, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru gizonezko -horietako bi adingabekoak- atxilotu zituzten atzo Oiartzungo (Gipuzkoa) industrialde batean aparkatuta zeuden hainbat ibilgailutan lapurtzea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo goizaldean, 5:00ak aldera, Ertzaintzaren patruila bat Oiartzungo Lanbarren industrialdera bertaratu zen kamioi-gidari batzuek gizonezko bat harrapatu baitzuten hainbat kamioitan lapurretan ari zela.

Bi kamioitako leihatilak puskatuta aurkitu omen zituzten jabeek eta ibilgailuetako baten barruan berehala ihesi alde egin zuten hiru mutiko omen zeuden. Hala ere, bat harrapatzea lortu zuten kamioilariek. Beste biek harriak bota zizkieten beren laguna aska zezaten eta gizonezkoetako batek buruan zauri bat jasan zuen harrikada baten ondorioz; segidan, Gaintxurizketara bidean alde egin zuten.

Datu hauekin guztiekin, patruila bat Gaintxurizketara bertaratu zen eta beste bi susmagarriak bertan topatu zituen. Agenteek Lanbarreneko industrialdera eraman zituzten berehala eta han identifikatu zituzten lekukoek.

Azkenean, eta agentek jaso zituzten salaketak bateratuta, hiru mutikoek hiru kamioi eta auto batean egin omen zuten lapurretan. Atxilotuei bi telebista eramangarri, gps bi, ordenagailu eramangarri bat, eskuko telefonoen bi kargadore, DVD bi eta arropa konfiskatu zizkieten agentek.

Atxilotu batek 18 urte ditu eta gaur goizean jarri dute epailearen esku. Beste biak 14 eta 17 urteko adingabeak dira, eta atzo utzi zituzten beren legezko tutoreen esku.