EUSKADI.-Hiru gizonezko atxilotu dituzte, horietako bat adingabea, Bilbon indarkeriaz egindako bi lapurretengatik

Actualizado: martes, 31 marzo 2009 14:29

BILBO, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru gizonezko atxilotu zituzten atzo Bilbon, indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bana egotzita. Lehenbiziko atxiloketa Deustun jazo zen, adingabe batek tirakada eginez zorro bat ostu baitzion emakumezko bati. Ordu batzuk geroago, bi gizonezko atxilotu zituzten Bilboko Harrobi kalean, bizilagun bati arma zuriz eraso egiteagatik, lapurtzeko.

Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, lehenbiziko lapurreta atzoko 16:00ak aldera jazo zen, Bilboko Deustu auzoan. Gizonezko gazte bat kaletik oinez zihoan emakumezko baten gainera joan zen atzetik eta, zorroa hartu ostean, borroka egin eta biktima lurrera bota zuen. Emakumezkoa altxatu eta lapurrari segika ibili zen, Agirre Lehendakariaren etorbideko metro geltokiraino, bertan sartu baitzen lapurra poltsarekin.

Emakumezkoak Ertzaintza ohartarazi zuen eta hainbat patruila bertaratu ziren. Agenteek metro geltokiko nasetan atzeman zuten gizonezkoa eta, identifikatu eta biktimak ezagutu ostean, atxilotu egin zuten. Ustezko lapurra (16 urteko adingabe bat) polizia egoitza batera eraman zuten, dagozkion eginbideak egiteko. Ondoren, aske utzi zuten, baina agintaritza judizialaren aurrean agertu beharko da deitzen dutenean. Biktimaren diru-zorroa eta objektuak jardinera batean aurkitu zituzten, atxilotuak bertan bota baitzituen.

Bigarren lapurreta 18:00etan gertatu zen Bilboko Harrobi kalean. Hanka batean arma zuriz egindako zauri bat zuen gizonezko batek laguntza eskatu zion Ertzaintzaren patruila bati, izan ere, bi gizonezkok lapurreta egin berri zioten, eta dirua eta katea ostu zizkioten.

Lapurretako batek labankada bat eman zion hanka batean, eta, besteak, zenbait ukabilkada eman zizkion aurpegian. Osasun zerbitzuek biktima artatu behar izan zuten tokian; halere, erasotzaileen ezaugarri fisikoen deskribapena eskaini ahal izan zuen.

Agenteak susmagarrien bila hasi ziren eta inguruetan atzeman eta atxilotu zituzten, indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Ertzainek laban bat atzeman zioten gazteetako bati, ustez erasoan erabilitakoa. Atxilotuak (19 eta 21 urte) polizia egoitza batera eraman zituzten dagozkion polizia eginbideak burutzeko eta, ondoren, epailearen esku jartzeko.