EUSKADI.-Ia 7.000 lagun joan ziren iaz ETSren bulegoetara Metro Bilbaoko 2. eta 3. lineetako obrei buruzko informazioa eskatzera

Actualizado: lunes, 11 enero 2010 15:15

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Guztira 6.745 pertsonek eskatu zuten 2009. urtean Metro Bilbaoren 2. eta 3. lineen obren nondik norakoari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak (ETS) herritarren arretarako dituen bulegoetan.

ETSko arduradunek prentsa ohar batean gaur jakinarazi dutenez, Bilboko metroaren 3. lineako eraikuntza lanen nondik norakoari buruzko informazioa eskaintzeko asmoz Txurdinagan dagoen bulegoak 3.671 bisita jaso zituen iaz, horietatik 1.500 otsailean, lokala inauguratu zen hilabetean, alegia.

2009ko maiatzean, ETSk Kabiezes auzora eraman zuen herritarren arretarako Santurtziko bulegoa, Portugalete-Santurtzi zatiko lanak amaitzear zeudelako (zati hori joan den uztailaren 4an inauguratu zuen Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak) eta apirilean Kabiezeseko zatiko lanak hasi zirelako. Zati horrekin amaituko dira 2. linearen eraikuntza lanak.

Santurtziko eta Kabiezeseko lokalek, obren garapenarekin eta azpiegitura berria martxan jartzearekin erlazionaturiko hainbat gairi buruzko interesa zuten 2.309 pertsonaren bisita jaso zuten.

Azkenik, joan den urtean Basauriko bulegotik 765 pertsona igaro ziren. Pertsona horien interes nagusiak, gainerako lokaletan gertatu den bezala, geltokiak zehatzmehatz non egongo ziren jakitea eta geralekuetako sarbideei buruzko xehetasunak izan ziren. Informazio liburuxkak jasotzea, lanen nondik norakoa, zati berrien trazatua eta

trenbide metropolitarrak izango duen zirkulazio maiztasuna izan ziren herritarren artean interes gehien sortu zuten beste gaietako batzuk.

Herritarren arretarako bulegoek informaziorako material grafikoa dute, eta hori oso lagungarria da proiektuen ezaugarri teknikoak ulertzeko, bai eta trenbide metropolitarra zerbitzuan jartzeak izango dituen onurez jabetzeko ere: garraio sistema modernoa, erabilerraza eta iraunkorra izatea.

Instalazioek obrak amaitu arte eskainiko dute zerbitzua, eta astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, goizeko 9:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.