EUSKADI.-IbilArtek euskal artista garaikideen lanak erakutsiko ditu gaurtik maiatzaren 28ra arte Bilbon

Actualizado: lunes, 18 mayo 2009 13:04

BILBO, 18 May. (EUROPA PRESS) -

Galdakaon ospatuko den Ibilaldia 09rekin batera, eta azken urteetako konpromisoari helduz, IbilArte Euskal Herriko arte garaikidearen erakusketa ere heldu da. IbilArtek estilo eta teknika ezberdinetako euskal artisten lanak bilduko ditu gaurtik maiatzaren 28ra bitartean Bizkaiko Aldundiaren Foru Agiritegiaren erakusketa aretoan, Bilbon.

Inaugurazio ekitaldia gaur arratsaldean izango da, 19:00etan, erakusketa aretoan bertan, eta han egongo dira Mari Jose Arriandiaga Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako presidentea, Juan Carlos Gomez Bizkaiko Ikastolen Elkarteko presidentea eta Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua.

Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta Galdakaoko Eguzkibegi ikastolak (Ibilaldia 09aren antolatzaileak) gaur eguneko euskal artisten lanak bildu nahi izan dituzte, hainbat euskarrietan eginak, gizartearekin duten harreman zuzena erakutsiz eta hainbat sentsibilitate eta aniztasun agerian utziz.

Lan guztien lokarri ideia bakarra "euskal gizarteari euskara eta euskal kultura bultzatzeko nahia agerraraztea" dela azaldu dute arduradunek, "ikastolaren espirituarekin bat eginez, ikastoletan sinisten dugulako eta etorkizuneko artistak euskaraz hezi eta hazi daitezen gura ditugulako".

Andoni Euba, Iñaki Garcia Ergüin, Ismene Costilla, Javier Riaño, Jesus Mari Lazkano, Carmen Olabarri eta beste hainbat artistek parte hartuko dute. Erakusketaren obra guztiak eta haien zehaztapenak IbilArte 09 deituriko katalogoan bildu dira. Erakusketan bertan banatuko da katalogoa.

Proiektuaren bigarren atalean IbilArte Marrazki Lehiaketa ere antolatu du Ibilaldiak, haur eta gazteak protagonista izan daitezen eta beren artelanak erakutsi ditzaten. Epaimahaiak jadanik sarituak erabaki ditu eta honen sari banaketa ekitaldia maiatzaren 22n egingo da Galdakaoko Musika Eskolan, 19:00etan.