EUSKADI.-Industriari loturiko iraganari buruzko "Ghosts in Armour" erakusketa Metro Bilbaoko Sestaoko geltokira iritsi da

Actualizado: jueves, 14 enero 2010 12:29

BILBO, 14 Ene. (EUROPA PRESS) -

Metro Bilbaoko Sestaoko geltokia industri aroaren osteko arteari buruzko galeria bihurtuko da datozen asteetan. Izan ere, gaur hasi eta otsailaren 20ra arte, "Ghosts in Armour" erakusketa Sestaon izango da Zazpi Kaleetako geltokitik igaro eta gero. Erakusketan industriako iragana interpretatzen dute Gales, Alemania eta Euskadiko hainbat eremutako hamar artistek, metroko iturriek jakinarazi dutenez.

Erakusketa 2011ra arte egongo da ikusgai industriaren beheraldiaren ostean izandako aldaketarekin zerikusia duten herri berezi batzuetan, esaterako, Sestaon. Horrela, Sestaoko geltokiko bezeroek ikusgai dituzte jada formatu handiko hamar irudi, geltokiko galerietako batean eskegita daudenez gero.

Lanak metroan erakusteko hautatu diren artistak argazkigintza,

bideogintza edo diseinu grafikoko arloetakoak dira: Janire Najera, Matt Wright, Ignacio Fernandez, Celia Jackson, James Milne, Katja Illner, Ken Tryner, Armin Seltz, Tom Servo eta ZAWP.

Erakusketaren aldi berean, Barakaldoko Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren erakusketa aretoan obra originalen beste bilduma bat egongo da ikusgai, otsailaren 11tik martxoaren 10rera.

Industriako enpresek, orduko langileek eta familiek aktiboki parte hartzen dute arte lanak sortzen.

Eremu geografikoak eta industriaren beheraldiaren ostean lortutako emaitzak ezberdinak diren arren, inplikatutako hiru gizarte eta lurralde horiek parekotasunak ere badituzte iraganean, orainean eta etorkizunean. Iraganaren memoria, industriaren beheraldiko pertsonengan, gauzetan, espazioetan eta dokumentuetan islatzen dena, berrinterpretatzen da balio erantsia emateko asmoz.

Erakusketa Metro Bilbaoren "metroa eta gehiago" goiburudun filosofian sartzen da. Ekimen horren bidez instalazioak doan uzten ditu metroak garraiabide publikoaren erabiltzaile guztientzat aberasgarri, balio erantsi izan daitezkeen ekintzak egin daitezen.