EUSKADI.-Inplante mediko berriak ari da ikertzen Tecnalia, gaixoen bizi-kalitatea hobetu eta osasun-sisteman kostuak aurrezteko

Actualizado: lunes, 9 marzo 2009 13:07

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Tecnalia korporazio teknologikoa Custom IMD europar partzuergoko partaide da. Partzuergoaren xedea da inplante medikoen belaunaldi berri bat ikertu eta merkaturatzea, pazienteen bizi-kalitatea hobetu eta osasun-sistemari kostuak aurrezten laguntzeko. Tecnaliak material berriak diseinatzeko karakterizazio eta laguntza teknologikoko lanak egiten ditu.

Osasunaren sektoreko ikerkuntza-ekimen horri esker, pazientearen bizi-kalitatea hobetu egingo da, eta gizarte osoa izango da onuradun, %20raino jaitsiaraziko baititu kostuak inplante-aplikazioan. Europako Batzordearen diru-laguntza jasotzen du ekimenak, VI. Esparru programaren barruan, Tecnaliako iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Custom IMD proiektuaren urteko bigarren biltzarra (Sabadelleko Parc Tauli Osasun Korporazioko UDIAT Centre Diagnostic S.A.-rekin elkarlanean antolatua) egingo da gaur eta bihar Bartzelonako Santa Creu i Sant Pau ospitalean.

Bilkuraren helburua da proiektuaren hasierako emaitzen jarraipena egitea. Emaitza azpimarragarriak dira lehenbiziko prototipo baliozkotzaileak (teknologia-materiala) hiru ikerkuntza-alorretan: garezurreko inplanteak, orno arteko diskoko inplanteak eta hortz-konponketa. Inplante horiek guztiak pertsonalizatu egin daitezke, eta material berriekin eginak dira, fabrikazio-teknika azkarrekin. Diseinu berritzaileak egiten dira hartara, eta, gehienez ere, 48 orduko epean ezartzen zaizkio pazienteari.

Inplante-pertsonalizazioan ez ezik, prozesu-optimizazioan ere dihardu, zerbitzu azkarra bermatzearren. Diseinu-lanetarako, euskarri-tresna telematiko berariazkoak garatzen dira, eta, aldi berean, plataforma elektroniko bat eraikitzen da, hornidura-kateko etapa guztiak uztartzeko.

ASCAMM Fundazioak -garezurreko eta bizkarrezurreko inplanteen diseinatzaile eta fabrikatzailea- koordinatzen du proiektua, zeinak Europako bederatzi herrialdetako 23 partaide elkartuko dituen laster, Bartzelonan. Europako Batzordeko zenbait ordezkari ere bertaratzekoak dira. Partaideetako %70 goi-teknologiako ETEak dira, mundu osoko inplante medikoen merkatuko hornitzaile nagusiak alegia.