EUSKADI.-Inportazioen prezio bateratuak %9,7 jaitsi dira EAEn urteko lehen hiruhilekoan, eta esportazioak %3,5

Actualizado: lunes, 6 julio 2009 12:34

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Esportazioen eta inportazioen prezio bateratuak, Balio Bateratuaren Indizeetan eta urte arteko tasetan neurtuak, jaitsi egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan 2009ko lehen hiruhilekoan, Eustaten datuen arabera. Inportazioen prezioen jaitsiera handiagoa izan da (%-9,7) esportazioena (%-3,5) baino. Halaber, aurreko hiruhilekoaren aldean, inportazioen prezio bateratuen jaitsiera (%-10,9) handiagoa izan da, baita esportazioena ere (%-4,7).

Helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari begiratuz gero, esportazio prezioaren urte arteko jaitsiera ondasun-mota guztietan gertatu da. Jaitsiera areago gertatu da Bitarteko ondasunetan (%-4,4) eta Kontsumoko ondasunetan (%-2,0), Kapitaleko Ondasunetan (%-0,4) baino.

Inportazioen prezio bateratuaren jaitsiera handiagoa izan da, Bitarteko ondasunen prezioen jaitsierak (%-11,7) eraginda. Hauek, berriz, Bitarteko produktu energetikoen inportazio prezioen atzerakada nabarmenaren (%-23,2) mende izan dira. Bai Kontsumoko ondasunek (%+3,8), bai Kapitalekoek (%+0,5) igoerak izan dituzte inportazio prezio bateratuetan.

EAEko ondasunak esportatzen dituzten eremu geografikoak aintzat hartuz, urteko lehen hiruhilekoko esportazio prezio bateratuak, lehengo urteko hiruhileko berekoen aldean, txikiagoak izan dira eremu guztietan. Horrela, %6,7 jaitsi dira munduko gainerakoan eta %3 euro eremuan. Prezio jaitsiera txikiagoa izan da 27-EBra (%-2,5) eta ELGEra (%-2,6) bideratutakoetan.

Inportazioen prezioen jaitsierak, urte arteko tasetan, oro har areagokoak izan dira eremu guztietan, munduko gainerakoa (%-15) nabarmenduz, petrolio prezioaren jaitsierak eraginda. Euro eremuko inportazio prezioetan (%-7,1), 27-EBkoetan (%-5,2) eta ELGEkoetan (%-6,1) ere jaitsierak izan dira.

Lehengo hiruhilekoaren aldean, inportazio prezioen jaitsierak antzekoak eta orokorrak izan dira eremu geografiko guztietan; esan behar da 27-EBn eta ELGEn ia bikoiztu direla. Esportazioetan prezio bateratuen jaitsiera areagokoa da gainerako herrialdeetarakoetan (%-6,2), euro-eremuan (%-2,5) eta 27-EBn (%-2,8) baino.