EUSKADI.-Internetek eta teknologia berriek hitzordua dute Tolosan maiatzaren 1, 2 eta 3an, III. Gipuzkoa Encounter topaketan

Actualizado: martes, 28 abril 2009 16:22

DONOSTIA, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Tolosako Udalak (Gipuzkoa) eta Euskaltel Fundazioak Gipuzkoa Encounter topaketa antolatu dute hirugarren aldiz. Informatikaren alorreko topaketan 700 parte-hartzaile eta 400 ordenagailu baino gehiago izango dira Tolosako udal kiroldegian, eta hiru egunez, maiatzaren 1ean, 2an eta 3an, gustu guztietarako jarduerak izango dira: ordenagailuko eta bideo-kontsolako jokoen lehiaketak, tailerrak eta hitzaldiak, diseinu grafikoa, musika-sorkuntza eta animazio digitalak. Gainera, Euskaltelen babesari esker, 1.000 megako abiaduran nabigatu ahal izango dute parte-hartzaileek interneten.

Zientziaren kutxaGunean (Donostia) egin den prentsaurrekoan asurkeztuko da Gipuzkoa Encounter, eta han izan dira Jokin Bildarratz Tolosako alkatea, Mikel Astorkiza Euskaltel Fundazioko zuzendaria, Sabino San Vicente Gipuzkoa Encounter-en antolatzailea, Iñaki Suarez SPRIko Informazioaren Gizartea alorreko zuzendaria eta Javier Lomas Kutxako Aisialdiko eta Ingurumeneko arduraduna.

Tolosar guztiek 15 bideo-kontsola baino gehiago erabili ahal izango dituzte 10:00etatik 00:00ak arte, eta era guztietako bideo-jokoetan ibili ahal izango dira: Wii Sports, Pro Evolution Soccer, Virtual Tenis, NBA Live, Singstar, Guitar Hero, Mario Kart Wii eta abar.

Tolosako Udalaren gazteentzako topagunean, Usabal kiroldegiarekin konektatutako kontsola batzuk instalatuko dira, eta, horri esker, bi toki horien arteko txapelketak egin ahal izango dira. Gainera, GKo Galleryren eskutik (bertako artista gazte batzuek osatutako taldea), Gipuzkoa Encounter topaketako parte-hartzaileen esperientzia bizi ahal izango dute tolosarrek herriko kaleetan, hainbat jarduera antolatuko baitituzte ekitaldia abian den bitartean. Halaber, onena nor den erakusteko aukera izango dute herriko gazteek, Usabal kiroldegian jokatuko den txapelketan.

Gipuzkoa Encounter topaketako ekitaldirik garrantzitsuenak ordenagailuko eta bideo-kontsolako askotariko lehiaketak izango dira. Hain zuzen ere, euskal jokalaririk onenak bilduko dituzte, dagoeneko errotuta dauden jokoetan -'Counter Strike' eta 'Pro Evolution Soccer'-, nahiz nobedadeetan -'Street Fighter IV', 'Mario Kart Wii' eta 'Guitar Hero III'- parte hartzeko.

Era horretako topaketen alderdirik ikusgarri eta deigarriena "modding" delakoa da: ordenagailuen egitura aldatzea, neonezko argiak jartzea, barnealdea ikusteko metakrilatozko leihoak zabaltzea edo, besterik gabe, kanpoaldea margotzea itxura paregabea emateko. Modding lehiaketan, parte-hartzaileek ekipoak hobetzeko duten sormena eta gaitasuna balioetsiko dira, eta alderdi teknikoa eta estetikoa hartuko dira kontuan. Horrez gain, olio bidezko hozketaren tailer bat emango da Gipuzkoa Encounter-en, eta ordenagailuaren mikroprozesadorea olio-tanga batean sartzean nola hoztu azalduko da.

DISEINUA ETA SARE SOZIALAK

Ordenagailu bidezko diseinuarentzat ere izango da tarterik, "scene" delakoarentzat, alegia. Bi eta hiru dimentsioko marrazkirik onenentzako sariak izango dira; kontuan izan behar da maila oneneko parte-hartzaileek hilabeteak eman dituztela lan horiek egiten. Amateurrentzat, berriz, "Fast 2D" izenaz ezagutzen den modalitatea sortu dute: parte-hartzaileek lau ordu dituzte proposatutako gaiari lotutako marrazki bat egiteko ordenagailuan.

Sare sozialak ere izango dute beren tartea Gipuzkoa Encounter topaketan, gaiari buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo baitira.

Proyelia software librearen atalean, hacking-lehiaketa bat egingo dute. Zenbait talde aurrez aurre izango dira, lehiaketan agertuko diren zenbait erronkari aurre egiteko, besteak beste, makinatan segurtasun-zuloak aurkitzeko eta pasahitzik izan gabe zifratutako mezuak desenkriptatzeko. Helburua da enpresek eta erakundeek informazioaren gizartean aurrera egiteko oztopoak jartzen dituzten arazo horiek konpontzeko gai diren pertsonak ezagutzea.

Norbaitek ordenagailutik urruntzeko beharra badu, une batez bada ere, Gipuzkoa Encounter topaketan egingo diren ordezko jardueretan parte hartu ahal izango dute: zaku-lasterketetan, globo-gerretan, CD eta DVD jaurtiketetan eta abarretan. Bestela, Usabal kiroldegiko igerilekuan eta jacuzzi-an erlaxa daitezke, parte-hartzaile guztiak doan sartu ahal izango baitira.