EUSKADI.-Irati Jimenez bizkaitarrak "Nora ez dakizun hori" bere lehenengo eleberri luzea kaleratu du

Actualizado: miércoles, 25 marzo 2009 15:06

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Idazle gazteentzako Igartza bekan akzesita lortu eta haren laguntzaz plazaratu du Irati Jimenez idazle bizkaitarrak bere lehenengo eleberri luzea, "Nora ez dakizun hori" izenburupean. Idazkera eder eta sendoz fikzioaren magia berreskuratzen du lanak, liburuaren aurkezpenean azaldu dutenez.

Batetik Martin agertzen da eleberrian, urtetan munduan barrena ibili ondoren Bilbora itzuli dena, argazki-erakusketa bat egiteko asmoz, eta hainbat hiritan egindako erretratuetan, emakume bera agertzen dela beti ikusten du, erdi ostenduta. Bestetik Nora dago, irratian bere ahots gozoaz gaua janzten duena, etxean hainbat sekretu gordetzen dituen arren, gaziak eta gozoak.

Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak aurki daitezke Irati Jimenezen lehenengo eleberrian, bai eta "likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak". "Pasioz eta liluraz beteriko liburua da, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena", adierazi dute.

Irati Jimenez Uriarte Mundaka eta Bermeo artean jaio zen, 1977an, eta Barakaldo eta Algorta artean bizi izan da azken urteotan. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen eta kazetaritzan dihardu, mikrofono aurrean lehen, paperean orain. Orain arte bi liburu zituen kalean: "Malcolm X" haurrentzako biografia eta "Bat, bi, Manchester" eleberri laburra, Augustin Zubikarai saria irabazi zuena.