EUSKADI.-Irungo Udalak (Gipuzkoa) bat egin du kontsumo jasangarrian sentikortzera zuzenduriko GAP programarekin

Actualizado: miércoles, 25 marzo 2009 14:00

DONOSTIA, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Irungo Udalak (Gipuzkoa), Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) beste 88 udalerrirekin batera, Udalsarea 21 Iraunkortasunerako Euskal Udalerrien Sareak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak koordinatutako Nazio Batuen Erakunde (NBE) GAP (Global Action Plan) programarekin bat egin du.

"Programaren helburua herritarrak natur baliabideen kontsumo jasangarriaren arloan sentikortzea da, Lurran gure eguneroko etxeko jarduera edo ohiturekin sortzen dugun eragina murriztuz", esan du Javier Cia Irungo Udaleko Ingurumen alorreko zinegotziak.

Programan parte hartzeko nahia agertzen duten udalerriko familiek uraren eta energiaren kontsumoan, mugikortasunean, etxean sortutako hondakinen arloan eta erosketak egiteko orduan dituzten ohiturak neurtzean oinarritzen da egitasmoa. Programa internet bidez garatuko da datozen lau hilabeteetan.

Horrela, parte hartzen duten familiek, posta elektroniko bidez, urari, energiari, mugikortasunari, erosketei eta hondakinei dagozkien eskuliburuak jasoko dituzte eta arlo horietan beren burua ebaluatuko dute. Lortutako emaitzak ezagututakoan, familiek beren ohiturak hobetzeko aholkuak jasoko dituzte, ingurumena hobetuz eta, aldi berean, dirua aurreztuz.

Parte hartu nahi duen orok www.udalsarea21.net webgunearen bidez egin beharko du, "GAP Programa 2009" atalean sartuz. Izena emateko azken eguna apirilaren 12a da.

Programa amaitutakoan, Irunen egon den parte-hartze maila eta lortutako ingurumen hobekuntzak ezagutzeko aukera izango da. Programa hasieratik amaierara burutzen duten familiek "Etxe Ekologikoa" ziurtagiria jasoko dute eta hainbat opariren zozketan sartuko dira.

Aurtengoa GAP programa EAE mailan antolatzen den laugarren urtea da eta 170.000 familiek egitasmoarekin bat egingo dutela aurreikusten da. Aurreko hiru ediziotan, 91 udalerritako 22.000 familiek parte hartu zuten. Antolakuntzak emandako datuen arabera, aurreko alditan 65 milioi litro ur aurreztea eta etxeko hondakinen 350 tona ez sortzea lortu zuten familiek, atmosferara 5.000 tona karbono dioxido igortzea saihestuz.