EUSKADI.-Itsasmendikoik Euskal Herriko Landa Turismoaren IV. Topaketa egingo du gaur Zizurkilen (Gipuzkoa)

Actualizado: jueves, 12 marzo 2009 11:10

DONOSTIA, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Itsasmendikoi elkarteak (IMK) Euskal Herriko Landa Turismoaren IV. Topaketa egingo du gaur, "Natur baliabideak eta garapen turistikoa" izenburupean, IMK Fraisoron, Zizurkilen (Gipuzkoa). Bilkuraren helburua da landa turismoaren egoera ezagutzea, komunikazio eta lankidetza-bideak ezartzea beste erkidego batzuetako elkarteekin, eta hedapen eta merkataritza bide berriak bilatzea, sustatzea eta baita sormenezko ideiak ere.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, beste topaketa batzuetan hasitako lanarekin jarraitzeko, oraingoan landa turismoaren sektorearentzat interesgarriak diren gaiak azaldu eta eztabaidatuko dituzte sektoreko hainbat adituk eta, bereziki, ostatu eta sukaldaritza zerbitzuen jarduera osagarriak jorratuko dira: enoturismoa, mikologia, xendazaletasuna eta abar.

Jardunaldia zuzendua dago, batez ere, landetxeen, aterpeen eta kanpinen jabeei, turismo eta landa garapeneko teknikariei zein informazio bulegoetarako eta erakarpen-gune turistikoetako arduradunei.

Itsasmendikoiko arduradunek nabarmendu du dutenez, landa turismoak ingurune pribilegiatuez gozatu, gure inguruetatik bizikletaz ibili, mikologian aritu eta berreskuratu diren trenbide zaharrak ikusteko aukera ematen du, bai eta kultura aldetik interesgarriak diren eraikinak eta instalazioak bisitatu eta ardo, sagardo eta txakolinaren munduak ezagutzeko ere.

Elkartearen ustez, hori dena ez litzateke posible izango baliabide natural zein kulturalak egoki erabiltzea eskatzen duen landa turismo iraunkorrik ez balego. "Balore horiek bultzatzeak eta turismo mota hori garatzeak eskaintza turistikoa areagotzea eta dibertsifikatzea eskatzen dute, bai eta ekonomia sustatzea eta inguruneko bizi kalitatea hobetzea. Zentzu horretan, produktu turistiko integral bat kudeatzeko eta garatzeko beharrezkoa da eragile publiko zein pribatuen parte-hartzea, udalak barne", azaldu dute.