Euskadi izango da Espainiako ekitaldi gastronomiko handienaren protagonista Madrilen

Actualizado: lunes, 17 octubre 2011 19:35

BILBO, 17 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskadi izango da protagonista urtero Espainian ospatzen den ekitaldi gastronomiko handienean, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) baita Millesime ekitaldiko gonbidatua. Urriaren 19tik 21era, goi gastronomiako erakusketa handi bat izango da Madrilen, 20 Michelin izar inguru batzen dituzten 30 sukaldari baino gehiagoren partaidetzarekin, hala nola Bilboko Etxanobe jatetxeko Fernando Canales, Gasteizko Sagartoki jatetxeko Senen Gonzalez eta Donostiako Mina jatetxeko Alvaro Mina.

Ekitaldia urriaren 19an hasiko da, Madrilgo Casa de Campo parkean. Martin Berasategi sukaldariak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Isabel Muelak emango diote hasiera.

Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, Millesime "benetako luxu gastronomiko bat da", hain zuzen ere egun bakoitzean hiru jatetxek parte hartzen baitute, hiru sukalde-taldek diseinatutako sei platerez osatutako menu batekin. Muntaiak era askotako jarduera gastronomikoa garatzen dituen hiri bat islatzen du: bazkariaz gain, Open Bar bat edo bost tailer ikusiko dira, non chef, sumiller eta barman onenek eskola magistral eta esklusiboak emango dituzten.

Bertan izango diren hiru sukaldariek hiruna pintxo aurkeztuko dituzte, 'show cooking' deitutakoan; sukalde-erakustoki txikiak dira, non chefek beren sormenak zuzenean egiten dituzten, eta gonbidatuek bertan dasta ditzakete.

Ekitaldiak 800 laguneko edukiera mugatua du egunean, eta bere ikusgarritasunaren erakusgarri da "urdaiazpikoaren kalea" deitutakoa, marka handiko postuekin, bai eta "garagardoaren kalea" deitutakoa ere. Euskadiren aldetik, Donostiako Ardotekako Nerea Goñi sumillerra bertaratuko da. Millesimen, Euskadik Arabako Errioxako 17 upategitako 40 ardo ezberdin baino gehiago aurkeztuko ditu.

Millesimen protagonista nagusi gisa gonbidatu izanak, Euskadik mundu gastronomikoan duen garrantzia berresten du; hain zuzen ere Euskadi da bere jatetxeetan Michelin izar gehien dituen Estatuko autonomia erkidegoa.