EUSKADI.-Jaiotzak %3,5 igo ziren Euskal Autonomia Erkidegoan 2008. urtean

Actualizado: lunes, 22 febrero 2010 15:42

BILBO, 22 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 21.315 haur jaio ziren 2008. urtean, hau da, aurrekoan baino %3,5 gehiago. Hazkunde hau 2006 eta 2007 artean izandakoa (%2,8) baino handiagoa izan zen. 2008an Araban izan zen gehikuntzarik handiena (%6,0), Bizkaian ondoren (%4,3) eta azkenik Gipuzkoan (%1,3), Eustaten datuen arabera.

Bestalde, 2008an ezkontzatik kanpo jaiotakoak 6.474 izan ziren, hau da, jaiotza guztien %30,4, 2007an baino %3 pasa gehiago. Arabak eta Bizkaiak EAEk baino portzentaje handiagoak izan zituzten, %30,9 eta %30,6rekin, hurrenez hurren; Gipuzkoak, berriz, balio erlatibo txikiagoak izan zituen (%29,9). 1990koa (%7,7) eta 2008koa alderatuz gero, ezkontzaz kanpo jaiotakoak lautik biderkatu dira ia.

Jaiotzak mila biztanleko 9,9 izan ziren, 1960ko hamarkadako milako 20 haietatik oso urruti. Kopururik handiena Gipuzkoan da (milako 10,4), Araban ondoren (milako 10,2) eta Bizkaian (milako 9,4).

1976tik aurrera, jaiotzek beheranzko joera nabarmena izan zuten. Joera hori, dena dela, moteldu egin zen 1980ko hamarkadaren amaieran, eta 1994an heldu zen mailarik apalena. 2008ko zifrek berretsi egin dute 1995ean abiatutako goraldia.

2008an haurren bat izandako emakumeen %76,5ek 30 urte edo gehiago zituen. Talderik ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena izan zen, jaiotza guztien %42,9rekin. Bestalde, 2006rekin alderatuta, handitu egin zen 35 urtetik gorako amen taldea (%33,6), eta berriz ere 25-29 urteen artekoena (%16,6) baino askoz handiagoa izan zen. Amen batez besteko adina, 32,4 urtekoa izan zen, eta lehen haurra eduki zutenena, berriz, 31,3 urtekoa. 25 urteko amen kopuruak gora egin zuen, etorkinei esker, guztien %6,9 izan baitzen.

Azken hamar urteotan, 25-34 urte bitarteko taldeak pisua galdu zuen, batez ere 25 urtetik 29rakoak, 5,5 ehuneko-puntu galdu baititu. Aitzitik, 9,1 puntu baino gehiago gehitu da 35 edo urte gehiagoko taldea.

Jaiotza ordenari begiratuz gero, 2008. urtean lehen haurrak %56,2 izan ziren, aurreko urtean (%57,5) baino gutxiago. Berriz, bai bigarrenak, bai hirugarren eta ondokoak (%36,1 eta %7,7), ehunekoetan 2007koenen gainetik izan ziren.

Erditzeak 20.883 izan ziren: horietatik 20.375, bakunak; 498, bikoitzak; eta hamar, hirukoitzak. Azken hamar urteetan erditze anizkunak biz biderkatu ziren (1998an 236 izan ziren), eta erditzeak, guztira, %30 bakarrik ugaritu ziren.

2008an jaiotakoen artean, 100 emakumeko 106 gizonezko jaio ziren. Batez beste, 3.308 gramoko pisua izan zuten mutikoek, eta neskatoek 3.189koa.