EUSKADI.-Jet Lag Bio 10 programak gazte ekimenetarako ideien lehiaketa bat jarri du martxan

Actualizado: viernes, 19 febrero 2010 14:05

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Jet Lag Bio 10 programak Jet Lag Ideiak izeneko gazteentzako ideien lehiaketa jarri du abian. Lehiaketa honekin, Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak 18 eta 35 urte arteko gazteen ekimenak saritu nahi ditu eta beraien proiektuak gauzatzen lagundu. Martxoaren 8ra arte aurkeztu daitezke proiektuak, banaka zein taldeka, programaren arduradunek jakinarazi dutenez.

Jet Lag Ideiak ekimenean nahitaez bete beharreko betekizunetako bat da ekimenak prozesu parte-hartzailea izan behar duela sorkuntzan, diseinuan eta eraikuntzan. Jet Lag Ideiak ekimenak Bilboko Udaleko Gazteria Sailaren programetako bi uztartzen ditu: Jet Lag Bio eta Ideia Biribilak, biak Bilbao Aktiba! II. Gazte Planaren barrukoak.

"Ideia Biribilak lehiaketaren kontzeptua zabaldu dugu, Jet Lag Bio programaren gaiak ere barne har ditzan. Ekimen honek Bilbao, Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghaiko gazteen hiri-adierazpenak ditu oinarri. Ekimen honekin, gure hiriko gazteen artean partaidetza, sorkuntza eta berrikuntza sustatu nahi ditugu, bai eta beraien ekimenen sorkuntza prozesuan parte hartzeko proposatu ere", azaldu du Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Jon Sustatxak.

Ekimenak martxoaren 8ra arte aurkeztutako proiektu guztien artean aukeratuko dira. Sorkuntza prozesua 2010eko maiatzaren 1etik irailaren 30era arte egingo da. Ondoren, ekimenak urrian izango den Jet Lag Fest jaialdian aurkeztuko dira. Saritutako proiektuetako bakoitzak 1.500 eta 4.000 euro bitarteko aurrekontua izango du abian jartzeko. Lehiaketaren oinarri osoak www.bilbao.net webgunean daude eskuragarri.

Jet Lag Ideiak lehiaketa Jet Lag Bio programak abian jarritako bigarren ekimena da, Jet Lag Bloggers ekimenarekin batera. Azken horretan izena emateko epea otsailaren 23an amaituko da. Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak sei blogger aukeratuko ditu, eta beraiek arduratuko dira Blog Hiriak 10 dinamizatzeaz.

Blog Hiriak 10, hain zuzen ere, Jet Lag Bio programako 2.0 espazioetako bat da. Espazio horretan, gazteek adierazpenen gainean dituzten ikuspegiak islatu ahal izango dituzte. Halaber, gazteen kolektibo ezberdinek gainerako gazteei aipatutako sei hiriei buruzko ikusmolde gazte eta anitza hurbilaraziko diete, eta modu aktiboan arituko dira Jet Lag Bio jaialdia eraikitzen.

Jet Lag Bio helburu zehatza duen erreferentziazko ekimena da: hirietako gazteen hiri-adierazpenak bultzatu, sustatu eta ikusaraztea, eta horiek gazteen artean duten eragina neurtzea. Programa honen gakoetako bat gazteek bertan parte hartzea da. Urtean zehar abian jartzen diren ekimen desberdinen bitartez, gazteen inplikazioa bilatzen da, ez soilik urtean behin egiten den jaialdian, baizik eta hitzorduaren aurreko eta ondorengo hilabete guztietan jarraipena duen programa batean.

Jet Lag Bio ekimena gazte adierazpenen erakusleihoa da, eta, beraz, ekimen desberdinak jartzen dira interesdun guztien esku, parte har dezaten. Programa jaialdi batekin bukatuko da, ekimen hau hasi zenetik egingo den hirugarrena. Jaialdiak Jet Lag Fest du izena, eta, bertan, hilabeteotan Jet Lag Bio ekimenean gazteek garatutako ekimen guztiak islatuko dira.