EUSKADI.-Juan de Diego tronpetistak jazz konposizioari eta inprobisazioari buruzko eskola magistrala emango du ostiralean Bilbon

Actualizado: miércoles, 25 marzo 2009 12:24

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Juan de Diego tronpetista eta musikari bilbotarrak jazz konposizioari eta inprobisazioari buruzko ikasgai magistral bat eskainiko du ostiralean Bilbon, SGAE erakundeko Autore Fundazioak antolaturiko ekimenean. Ikastaro magistrala hiriburu bilbotarreko Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan izango da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Musikari bilbotarrarekin batera, bere hirukoteko gainontzeko bi musikariak ere egongo dira, hau da, Dani Perez gitarra-jotzailea eta Joe Smith bateria-jotzailea. Eskola magistral honetan, konposizio eta inprobisaziorako tresnak eta ikas-teknikak irakatsiko dira, jazza jotzeko behar-beharrezkoak diren musika-trukea eta aberastea sustatzeko asmoz.

Eskola magistrala gutxieneko oinarri musikala duen eta jazzez interesatuta dagoen pertsona ororentzat -profesionala nahiz amateurra- antolatu da. Bi orduko saio bi emango dira: konposizio metodoaren azalpena, 10:00etatik 12:00etara, eta inprobizazioaren gakoak, 12:00etatik 14:00etara, parte-hartzaileei beren instrumentuekin jotzeko aukera eskainiz.

Juan de Diegok (Bilbo, 1968) Industri Ingeniaritza Teknikoko ikasketak eta musika-ikasketak egin zituen aldi berean. Bilboko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Solfeo, Tronpeta eta Harmonia ikasteko matrikulatu zen. Geroago, Bartzelonara joan zen bizitzera, eta han Tronpetako Goi Mailako Titulua lortu zuen.

Jazza ikasteko nahian, hainbat mintegitara joan zen eta eskolak musikari gailen hauen eskutik jaso zituen: Brad Meldhau, John McNeil, Kurt Rosenwinkel, John Swanna, Joe Magnarelli, Mike Mossman, Jorge Pardo eta Jorge Rossy.

666 seikoteko, De Diego Brothers boskoteko eta Juan de Diego Trio hirukoteko buru izan da. Halaber, hainbat taldetan aritu da, besteak beste, Big Acoustic Band, Barcelona Jazz Orquesta, Bandaeria (Xavier Maristany), Brassass Company, Barcelona Big Latin Band, Lucrecia edo Groove Station.

Era berean, dantza garaikideko L'anonima Imperial taldearekin lan egiten du, zeinarekin Europan barrena birak egin dituen (Londres, Haga, Lüdwigshaffen, Swetzingen, Metz edo Gante, besteak beste.). Soinu-bandak grabatzen parte hartu du, baita nazioarteko jazzaldi ugaritan ere: Leverkusen, Marciac, Donostia, Gasteiz, Bartzelona, Terrassa, Getxo, Andorra, San Javier, Lugo, Torroella de Montgri edo Eivissa.

Juan de Diegoren jazz konposizio eta inprobisazioari buruzko eskola magistrala bukatzean diploma bat emango zaie parte-hartzaileei, bertaratu direla egiaztatzeko.