EUSKADI.-Kirol Irakaskuntzen Euskal Eskola Ofizialeko Eski eta Snowboardeko irakasleen lehenengo promozioak 101 ikaslegai ditu

Actualizado: lunes, 16 febrero 2009 14:05

BILBO, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Errioxako Valdezcarayko eski-estazioan egingo dira bihar Kirol Irakaskuntzen Euskal Eskola Ofizialeko Eski eta Snowboardeko Teknikarientzako lehenengo sarrera-probak. 101 pertsonek eman dute proba horietarako izena eta derrigorrean gainditu beharko dituzte datorren udazkenean eski eta snowboard-eko irakasleentzako lehenengo ikastaroetara sartu ahal izateko,Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak gaur jakinarazi duenez.

Bi jaitsiera libre eta bi txandako eslalom erraldoi bat izango dira gainditu beharreko probak, eta hiru entrenatzaile nazional buru izango dituen epaimahai batek ebaluatuko ditu ikaslegaiak. Eguna 8:45ean hasiko da eski-estazioaren gunean eta dortsalak emango zaizkie parte-hartzaileei; 10:00etatik aurrera, proba erraldoia egingo da.

Neguko kiroletako teknikarientzako irakaskuntzak izango dira datorren ikasturtean, dagoeneko ematen ari diren Mendiko Teknikarientzako eta Kirol Irakaskuntzen Euskal Eskolak urte honetatik aurrera Durangon ematen dituen Futbol, Saskibaloi eta Atletismoko teknikarientzako irakaskuntzez gain.

Erdi eta goi mailako titulazio horiek balio akademiko eta ofiziala dute eta zenbait helburu lortzeko asmoz antolatzen ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, besteak beste, kirol-irakaskuntzen esparrua berrantolatzea, balio akademikoa duten titulazioak eskaintzea, teknikari eta irakasleen prestakuntza homologatu eta hobetzea, kirol-jarduera eta prestakuntza sustatzea eta gizarteak esparru honetan dituen zalantzak argitzea.