EUSKADI.-Kirol profesionaleko lan harremanen berezitasunak jorratuko dituzte bihar EHUk Bilbon antolaturiko jardunaldi batean

Actualizado: jueves, 18 febrero 2010 12:56

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Lan Harremanen Unibertsitate Eskolak eta Kirol Enpleguaren Behatokiak (Kirolan) "Kirol profesionala eta kirolaren lan merkatua" jardunaldia antolatu dute biharko, 9:45ean hasita, EHUko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako ekitaldi aretoan, Bilbon. Jardunaldiak orain 25 urte kirolari profesionalen lan-arautzea onartu zela gogoratuko du. Topaketan parte hartzeko izen-emateak dohainak izango dira, baina eskabidearen ordenari jarraituz banatuko diren 100 lekuren mugarekin.

Antolatzaileek adierazi dutenez, une honetan, gaur egungo krisialdi ekonomikoa dela eta, argudio berriak sortu dira kirolaren arloko lan harremanei buruzko hausnarketa sakona irekitzea justifikatzen dutenak. Izan ere, Kirol Profesionalaren Legea ateratzeko lanak hasi dira.

Bilbon gaurtik igandera arte jokatuko den saskibaloiko Koparekin batera egingo da jardunaldia. Horregatik, saskibaloi profesionalaren xehetasunak bereziki aztertuko dira, besteak beste, bere lan merkatua, legeek duten eragina eta lege horiek hitzarmen kolektiboaren bidez nola garatzen diren, globalizazioaren eragina, eta gaur egungo krisiaren ondorioak eta etorkizuna.

Jardunaldiaren aurkezpena EHUko Bizkaiko campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiak egingo du, eta parte-hartzaileen artean daude

Miguel Cardenal Carro Extremadurako Unibertsitatea irakaslea, Juan Jose Seoane Osa abokatua eta Kirol Zuzenbidean aditua, Esther Queralto Tolsau ACBko idazkari nagusia eta aholkulari juridikoa,

Xavier Jon Davalillo Bizkaia Bilbao Basketeko presidentea, Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria eta Koldo Irurzun EHUko irakaslea eta Kirolan Kirol Enpleguko Behatokiaren zuzendaria.