EUSKADI.-Klima aldaketari buruz ariko da ZIO bildumaren 8. alea eta astelehenean aurkeztuko du EHUk Leioako campusean (Bizkaia)

Actualizado: viernes, 8 mayo 2009 14:57

BILBO, 8 May. (EUROPA PRESS) -

ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) bildumaren zortzigarren alea aurkeztuko da datorren 2astelehenean, maiatzak 11, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako campuseko (Bizkaia) Zientzia eta Teknologia Fakultateko Paraninfoan. Liburua Andrew E. Desslerren eta Edward A. Parsonen "Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika" da. Dessler Atmosferaren Zientzietan doktorea da eta Parson Ingurumenaren Zuzenbidean eta baliabide naturalen kudeaketan aditua.

EHUko iturriek adierazi dutenez, Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuaren aholkulariak zirela hasi ziren elkarlanean, eta lankidetza horren emaitza da liburu hau. Bertan klima aldaketari buruzko eztabaida korapilatsuan erabiltzen diren argudio zientifiko eta politikoak argitzen saiatu dira.

EHUk argitaratzen du ZIO bilduma Ehupress zigiluan. ZIOren helburua zientzia dibulgazioko liburu bikainak euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzea da. Liburu horien bikaintasuna nazioarteko arrakastak bermatzen du. Bizkaiko Foru Aldundia da bildumaren babesle nagusia.