EUSKADI.-Korrika 16k diru-bilketa egingo du martxoaren 12tik 15era eta jarri du abian Ziberkorrika bere webgunean

Actualizado: martes, 10 marzo 2009 18:03

Ezker Abertzaleak atxikimendua adierazi dio Korrika 16ri


BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Korrika guztietan bezala, oraingoan ere diru-bilketa egingo du Korrika 16k Hego Euskal Herriko herri guztietan, martxoaren 12tik 15era. Korrikaren izenean herritarren elkartasuna jasoko duten AEK-ko kide guztiek identifikazioa eramango dute, inolako gaizki ulertzerik sor ez dadin.

Korrikaren arduradunek gogoratu dute bere helburuetako bat AEK-k Euskal Herri osoan egiten duen lana sustatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eskuratzea dela; alegia, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea.

Diru-bilketaz gain, "Korrika lagun" kanpaina jarri du abian Korrika 16k. Kanpaina honetan diruz lagundu nahi duten denda, taberna, enpresa eta gainerakoei "Korrika lagun" dioen txarteltxoa emango diete AEK-ko kideek. Kanpaina honetan lanean ari diren kide guztiek ere akreditazioa eramango dute.

Bestalde, 2008ko azaroaren 14an, Korrika 16ren aurkezpenarekin batera, webgunea ere martxan jarri zen: www.korrika.org. Bertan, Korrika 16ren, Korrika Kulturalaren eta Kulturbiraren ildo nagusiekin batera, hilabete hauetan egindako aurkezpen guztien bideoak eta argazkiak eta Korrika arropa erosteko nora jo behar den ikusteko aukera dago.

Gainera, aurreko Korriketan abian jarritako Ziberkorrika jada martxan dagoela ere jakinarazi dute, "Euskal Herritik at bizi diren euskaltzaleei ongietorria emateko" asmoz. "Euskal Herriari bira ematen dion Korrikaren kilometroak saltzen diren moduan, interneten antolatu dugun Ziberkorrika honetan mezua mundu osoan barreiatuko duten ziberlekukoak eskainiko dira, borondatezko diru ekarpen bat eginda", azaldu dute.

Halaber, www.korrika.org webgunean atal berezia eskaini nahi izan diote "Bidaia intimoak" dokumentalari. Jon Maiak zuzendutako eta Orio Produkzioek ekoiztutako lan honekin omenaldirik xumeena eskaini nahi izan baitie "euskaraz bizi nahi dugunon herrira datozen guztiei". Aipaturiko atalean, dokumentalaren zirkuitua zehazten da, hainbat herritako kultur etxe, antzoki, gaztetxe eta lantokitan baitago ikusgai.

EZKER ABERTZALEA

Bestalde, AEK-k Bilbon daukan egoitza nagusian, Korrika 16ren arduradun Edurne Brouard eta AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikarekin elkartu dira Tasio Erkizia eta Itziar Lopategi Ezker Abertzaleko kideak, euskararen aldeko lasterketari babesa agertzeko.

Tasio Erkiziak AEK eta Korrikaren lana "txalotu" du eta Ezker Abertzaleak Korrika "herriz herri eta auzoz auzo, Euskal Herri osoan zehar bultzatzeko" konpromisoa hartuko dutela adierazi du.

Bestalde, Edurne Brouardek Ezker Abertzaleari eskerrak eman dizkio berriro Korrikari bere babesa agertzeagatik. "Eskertzekoa da, lehenengo Korrikatik, betidanik, zuen atxikimendua izatea", adierazi du.