EUSKADI.-Kutxak 52,7 milioiko emaitza lortu du 2009ko lehenbiziko hiruhilekoan, iazkoan baino %5,9 gehiago

Actualizado: jueves, 23 abril 2009 18:42

DONOSTIA, 23 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoa Donostia Kutxak zerga ondorengo 57,2 milioi euroko emaitza lortu du 2009ko lehenengo hiruhilekoan, hau da, 2008ko aldi berean lortutakoa baino %5,9 gehiago. Kutxak bere "Bai" planaren babesean egin duen jardueraren lehenbiziko balantze honek berretsi egiten du "bete-betean" asmatu dela gipuzkoar kutxaren plan estrategiko berriak oinarri dituen printzipioetan, Kutxako arduradunek adierazi dutenez.

Sektore pribatuko xehekako bezeroen gordailuek urtetik urterako %3ko hazkundea izan dute, "zifra aipagarria egungo egoera ekonomikoari erreparatuz gero", esan dute. Oro har, Kutxaren bezeroen baliabide administratuak 19.375 milioi eurora iritsi dira eta %0,7ko hazkundea izan dute.

Joan den urteko martxoarekin konparatuz gero, kreditu-inbertsioaren hazkundea handiagoa izan da, %7,2koa hain zuzen, 16.179 milioi eurora iritsi arte. Kredituak hazi egin dira, beraz, nahiz eta sektore publikoari emandako maileguek, kreditu komertzialek eta sektore pribatuaren etxebizitzarako maileguek bilakaera negatiboa izan duten. Etxebizitza erosteko hipoteka-maileguak salbuespena izan dira, zertxobait hazi baitira: %1,9.

Aktibo zalantzazkoak %2,21ean kokatu dira lehen hiruhilekoaren amaieran; "goraka jarraitzen duen indizea da, nahiz eta oraindik ere apal samarra izan gainerako Kutxekin konparatuz gero". Berankortasunaren estaldura handia da oraindik eta martxoaren 31n %108an kokatu zen. Berankortasuna eta beronen estaldura dira, sektorearekin konparatuz gero, hobekien interpretatzen diren bi adierazleak. Kutxen berankortasuna, eskura dauden azken datuen arabera, %5 ingurukoa da eta estaldurak ez du ia %50a gainditzen.