EUSKADI.-Lan Ekintza-Bilbaok etorkizuneko jarduera ekonomiko eta profesional berriei buruzko ikerlan bat aurkeztu du

Actualizado: martes, 2 marzo 2010 18:41

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Lan Ekintza-Bilbao udal sozietateak "Sektore ekonomikoen eta horiek Bizkaiko lan-merkatuan txertatzeko moduaren azterketa prospektiboa" ikerlana aurkeztu du gaur. Txostenak Bilboko sektore ekonomikoen bilakaeratik sortzen diren profil profesional berriak identifikatzea du helburu, enplegua eta aberastasuna sortzeko aukera bihur baitaitezke. Etorkizuneko 25 jarduera-nitxo zehazten ditu, eta 22 okupazio berriko katalogo baten aldeko apustua egiten du.

"Ekonomia eta enplegua sustatzeko udal sozietate bat garenez, Lan Ekintza-Bilbaon gure zerbitzuetako erabiltzaileek planteatzen dizkiguten beharrak kontuan hartu behar ditugu. Bilboko enpleguaren bilakaera ezagutzeko erantzukizuna dugu, lan-aukeren bilaketan beharrezkoak diren hautabideak eskaini ahal izateko, eta are gehiago egungo krisi-egoeran", azaldu du Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Lan Ekintzako presidenteak.

2009ko erdialdean ekin zion Lan Ekintza-Bilbaok azterketa prospektibo hori egiteari, zerbitzuen lana erabiltzaileengana orientatzeko helburuz eta erakundearen epe luzeagorako jardueraren plangintza estrategikorako tresna gisa. Aurkezpenean enplegu, prestakuntza eta enpresa-arloko profesionalak egon dira.

Txostenaren arabera, lan-aukera berriak azalduko dira Bilbon sektore tradizionalenetan, baina baita proiekzio handiko beste batzuetan ere. Epe ertainera enplegua sor dezaketen 25 jarduera-nitxo zehazten ditu, hala nola energia-aurrezpenarekin, osasuna eta bizi-kalitatearekin edo domotika eta teknologia berriekin lotutakoak, eta kirolarekin, merkataritza elektronikoarekin eta multimedia jarduerekin zerikusia duten 22 okupazio berriko katalogo baten aldeko apustua egiten du.

ONDORIOAK

www.lanekintza.net web-orrian osorik kontsulta daitekeen txosten prospektibo horrek bi sektoreren azterketa sakona egiten du gainera: sektore sozio-sanitarioarena eta eraikuntzarena. Lehenengoan, batez ere biztanleriaren zahartzearekin eta Mendekotasunaren Legearen garapenarekin lotutako enplegua sortuko dela ondorioztatzen da.

Eraikuntzaren sektorean, krisi ekonomikoak ondorio larriak izan dituen arren, enplegua sortuko da, higiezinak eraberritzearekin eta birgaitzearekin eta eraikinen efizientzia energetikoarekin lotutako lanbide berrien aldetik.

Azterketak lan-merkatuko joera berriak planteatzen ditu. Etorkizunean, lan-merkatuan sartu nahi dutenek balioaniztunak izan beharko dute, hau da, ezagutza espezifiko batzuk behar izateaz gain (hizkuntzak, teknologia berriak), beste trebetasun batzuk garatzeko gai izan beharko dute, zeregin bat baino gehiago egin ahal izateko.

Txostenaren arabera, etorkizuneko profesionalen prestakuntzan, garrantzi handiagoa eman beharko zaie komunikatzeko eta harremanak ezartzeko trebetasunei, gaur egun ohikoen diren antolakuntzako trebetasun soilei baino. Enplegagarritasunaren gakoen artean, enpatiaren garapena, komunikazioa, tentsioa jasateko gaitasuna eta denboraren kudeaketa ezartzen ditu.