EUSKADI.-Lau gazte atxilotu dituzte Gasteizen adingabeei lapurtzeagatik

Actualizado: viernes, 3 abril 2009 20:44

GASTEIZ, 3 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek lau gazte atxilotu zituzten atzo arratsaldean, Gasteizen egondako lapurreta askotan parte hartu izana egotzita. Egileek beste adingabe batzuk mehatxatzen eta beldurrarazten zituzten lapurtzeko asmoz, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Iragan martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean, hainbat adingabek, euren gurasoekin batera, zenbait salaketa aurkeztu zituzten Gasteizko toki ezberdinetan jasandako lapurretak zirela eta. Salaketa guztietan egileak hiru gizonezko ziren, adingabeak ia guztiak, eta euren biktimen gainera joaten ziren, gehienetan bizikletaz.

Gasteizko ertzainetxeko agenteek egindako ikerketak kontuan hartuta, egileak gutxienez bost gazte lirateke eta hiru laguneko taldeak osatuko lituzkete lapurretak egiteko. Atzoko 19:00ak aldera aurkeztu zuten antzeko gertakari batengatik egondako azken salaketa; hain zuzen, adingabe batek Gasteizko Errioxa kalean hiru gaztek lapurreta egin ziotela salatu zuen.

Lapurrek norabide ezberdinetan alde egin zuten, baina zenbait lekukok horietako bat atxikitzea lortu zuten, Udaltzaingoa heldu eta identifikatu zuten arte. Beste biak Ertzaintzaren patruila batek harrapatu zituen Gasteizko autobus geltokian, eta polizia egoitza batera eraman zituzten.

Bestalde, arratsalde horretan bertan, herritarren segurtasunerako lanak betetzen ari zen patruila batek susmagarrien taldeko beste bi kide atzeman zituen, Gasteiz erdialdeko kale batean. Agenteek horietako bat identifikatu ahal izan zuten zeraman txamarrari esker, izan ere, egun batzuk lehenago lapurtu egin zutela jasotzen zuen salaketa batek. Halaber, euren gauzen artean, ostutako beste objektu batzuk atzeman zizkieten; hortaz, bi gazteak atxilotu zituzten, ustez, ondarearen kontrako delituetan parte hartzeagatik.